Gure ohiturak ez dira erabaki indibidualen emaitza bakarrik: inguruneak eta hezkuntzak eragin zuzena du. Nafarroako Osasun Publikoaren Behatokiaren 2026ko txostenaren arabera, obesitate tasak zertxobait jaitsi dira, batez ere haurren artean, baina gehiegizko pisua oraindik ere osasun publikoko erronka handia da.
Gai honen inguruan aritzeko, Maddi Osés Recalde Metropoli Forala saioan izan dugu. Dietetikan eta Giza Nutrizioan doktorea, NUPeko irakaslea eta Elikos taldeko ikerlaria da. “Pandemia aurreko datuetan ikusten genuen Nafarroa mailan ia %40a gainpisua zuela. Hau da, ia biztanleriaren erdiak. Egoerak zertxobait hobera egin badu ere, gainpisuaren datuak oraindik larriak dira”.
Ikerketek erakusten dutenaren arabera, egoera zaurgarrian dauden pertsonek obesitatea garatzeko arrisku handiagoa dute. Diru-sarrera baxuek, adibidez, elikagai osasungarriak eskuratzeko zailtasunak ekar ditzakete, askotan merkeagoak eta nutrizio-balio txikiagoko produktuak lehenetsiz. Horrez gain, hezkuntza mailak eta informazio faltak ere eragina dute dieta orekatu baten garrantzia ulertzeko orduan.
Egoera honen aurrean, lehen mailako arreta izan beharko litzateke orientazio egokia jasotzeko tokia, baina praktikan gabeziak daude. “ Osasun zentroetan orientazio nutrizionala ematen duten profesionalak erizainak dira eta, gehienetan, ez dute elikaduraren inguruko prestakuntza espezializaturik. Gainera, ez dago diziplina anitzeko talderik aholku integrala eskaintzeko”. Horren ondorioz, askotan gomendio orokorrak jasotzen dira eta eguneratu gabeak. Maddi Osesek nabarmendu nahi izan du beharrezkoa dela osasun publikoak laguntza nutrizional egituratua eskaintzea eta prebentzioa indartzea, bereziki haurtzarotik, elikadura osasuntsua eta jarduera fisikoa sustatuz.