Entzutekoak

Eneko Etxeberria: "Naparrari buruz erakusketak jaso duena partziala da"

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 27a

Erakusketa ireki dute Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Memorialean. Desagertuen erakusketa jasotzen du, besteak beste. Esposizio horretan, Jose Miguel Etxeberria Naparraren bahiketa, hilketa eta desagertzeari buruzko hainbat eduki bildu dituzte. Egiari Zor Fundazioak eta Naparraren familiak berak salatu dute, euren duintasuna erasotzen dutela erakusketa horretan eta senideengan birbiktimizazio sakon eta mingarria sortzen dutela.

Jose Miguel Etxeberria Naparraren desagerketaren erantzule egiten du Terrorismoaren Biktimen Memorialak ETA: "Errelato horri eutsi egiten diote gaur gaurkoz jakinda Batallon Vasco Navarro zebilela anaiaren desagertzearen atzean", azaldu dio Euskalerria Irratiari Naparra zenaren anai Eneko Etxeberriak. 

Zerk mindu zaituzte?

Duela bi edo hiru hilabete nirekin harremanetan jarri ziren Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioko kideak. Azaldu zidaten haien asmoa desagertuen inguruko erakusketa bat egitea zela. Ez nuen asmorik parte hartzeko, deialdia nondik zetorren jakinda bereziki. Inaugurazioaren biharamunean han izan ginen ikusteko nondik nora jotzen zuten. ETA anaiaren desagertzearen erantzule izan zitekeela zioen Jose Miguel Etxeberria Naparra nire anaiari zegokion azalpenak. Eutsi egiten diote errelato horri. Horrek mindu gintuen bereziki argi dagoelako Batallon Vasco Español zebilela anaiaren desagertzearen atzean. Erakusketan ez da ia aipamenik egiten. Ez eta Nazio Batuen Erakundeak beregain hartua duela desagerketaren kontua 2014etik eta hori ere ez da inon ageri. Errelato partziala egiten ari dira, beraz. ETAren biktima izanen balitz gainera, Espainiak aitortua liguke izaera hori. 

Iruditzen zaizue badela intentzionalitate bat?

Zertxobait horrela ikusita, bai. Bereziki kontuan hartuta nork antolatu duen. 

Bisita egina duzue. Zer eskatzen ari zarete eta nork hartu beharko luke ardura hori?

Partzialtasunik ez izatea. Ez dago batere argi zer nolako gertaerak izan ziren haiek. 

Naparrak oraindik ez du jaso biktima izaera. Eta eskakizun hori egiteko hainbat ekimen jarri dituzue martxan.

2008. urtean jaso genuen Espainiako Gobernuko ezezkoa biktima izaera izateari eta 2013an etorri zen bigarrena. Eskatzen ari garena da aitortza hori egin dezatela. 

Giza Eskubideen Behatokiarekin ari zarete bide hori berriz ere zabaltzen. 

Harremanetan jarri ziren haiek gurekin eta berriz ere anaiaren kasua aztertzea eskatzen ari gara. Nazio Batuetara berriz ere jo dugu asmo horrekin: Espainiari eta Frantziari eskatzeko egindako ikerketa lanak eta lanak kontuan har ditzatela. Lehentasuna da Jose Miguel berriz ere etxean izatea. 

Argazkian klik eginda entzun daiteke Euskalerria Irratiak Eneko Etxeberriari egindako elkarrizketa. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!