Jakingo duzunez, aurten Mozarten urtea da, haren jaiotzaren 270. urteurrena baita. Horregatik ekarri dugu gaur haren arreba hizpidera. Nannerl haur miraria izan zen, talentu tekniko handikoa, garaikide batzuen ustez, anaiarena bezalakoa edo zehatzagoa, baina bere karrera helduarora iristean gelditu zen, garai hartako genero-murrizketen ondorioz.
Salzburgen jaio zen 1751ko udan Maria Anna Mozart, anaia famatua bost urte baino lehenago. Gurasoek hazi zituzten 7 seme-alaben artean, hauek besterik ez zuten bizirik iraun. Aita Leopold Mozart zuten. Zorrotza eta kementsua, txikitatik ikasarazi zizkien diziplina eta perfekzioa musika arloan. Zazpi urte zituela, bere aitak, ordurako, ganbera-musikako instrumentuak jotzen irakasten zion, eta hasiera-hasieratik ez-ohizko abilezia erakutsi zuen musikarako, batez ere pianoa eta klabea jotzeko.
Aitak ariketa koaderno bat idatzi zuen haurrek musika ondo ikasteko. Nannerl Notenbuch du izena. Dirudienez, horrekin hasi zen gure neska ikasten, eta gero anaia. Urte batzuk geroago, kaier horretan Wolfganek pieza gehiago idatzi zituen. Zati errazenak berak jotzekoak ziren. Zailenak, arrebak. Horretan ikusten da txikitatik mutilak ikusten zuela arrebaren trebetasuna. Ez da harritzekoa. Entzuten zutenek zioten bazegoela zerbait berezkoa, ezin irakats daitekeen hori neskak zeukan musika jotzeko maneran.
Familia osoa bira luzeetan ibili zen Europan barna, gortetik gortera, aretoz areto. Mozart anai-arrebak oso ezagunak izatera heldu ziren. Baina 18 urte bete zituenean, garaiko arauek Mariaren norabidea aldatu zuten. Agertokiak utzi egin behar izan zituen, eta etxeko isiltasuna bihurtu zen bere eszenatoki nagusi. Ezkontzeko eta haurrak hazteko prestatu behar izan zuen. Eta hala egin zuen. Mutil batekin maitemindu zen, baina bere aitak ezkontza proposamena baztertzera behartu zuen.
Azkenean, magistratu aberats batekin ezkondu zen. Salzburgotik 25km herri batera joan zen bi aldiz ezkondurik egona zen senarrarekin, eta bi aldiz alargun. Bost seme-alaba zituen gizonak, eta haiek hazten lagundu egin zuen gure Nannerlek. Gainera, bera hiru seme-alaba gehiagoz erditu zen.
Senarraren heriotzarekin, 1801. urtean, Marianne Salzburgora itzuli zen bere bi seme-alabekin (izan zuen azken alaba hil egin zen urte bat zeukalarik) eta bere bi semeordeekin. Alargun zelarik, musika irakasten aritu zen. 1825 urtean Marianne itsu geratu zen, eta bere osasunak okerrerantz egin zuen. Lau urte barru hil zen, 78 urte zituela. Salzburgoko abadian zegoen hilerrian lurperatu zuten.
Azken urteotako zenbait ikerketak erakutsi dutenez, badaude zenbait seinale heldutasunean Mariannek musika konposizioak idatzi zituela frogatzen dutenak. Izan ere, anaiak zenbait eskutitz idatzi zizkion, non bere lanak laudatzen zituen. Tamalez, gaur egun ez da bere konposizioen arrastorik ere aurkitu.
Baina ez litzateke harritzekoa izango. Betidanik esan da ezinezkoa zela bizitza osoan zehar Wolfgang Amadeus Mozartek sinatu zituen partitura guztiak bereak izatea. Agian Mozartarrenak dira guztiak, baina batzuk anaiarenak, eta beste batzuk arrebarenak…
Batek daki! Baina esan beharra dago Wolfgang Amadeus Mozarten eta arrebaren arteko harremanak gorabehera asko izan zituela. Haurtzaroan musika-konplizitate erabatekoa zeukaten, elkarrekiko babesa eta maitasuna. Baina, ondoren, familiako eta gizarteko presioen ondorioz, urrundu egin ziren.