Entzutekoak

UEU-k erdi prezioan jarriko ditu salgai bere argitalpenak Liburuaren Egunean

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 20a

Udako Euskal Unibertsitateak aurten plazaratu dituen nobedadeen artean Peter Wohllebenen 'Zuhaitzen bizitza ezkutua', Unai Fernandez de Betoñoren 'Etxearen korapiloa nola askatu' eta egile askotarikoen ahotsak biltzen dituen 'Bide desbideratuak' liburua aurkitzen dira

Udako Euskal Unibertsitatea 1977an hasi zen liburuak argitaratzen, euskararen normalizaziorako arlo akademikoa estrategikoa zelaren jakitun. Ordutik, neurtezina da hizkuntzaren sustapenari dagokionez egindako ekarpena, Idoia Torregarai UEUko komunikazio arduradunak nabarmendu bezala. "Euskarari terminologia bat eman dio, izan ere, arlo askotan hitzak falta zitzaizkigun. Argitaratu zen lehenengo liburua fisikaren ingurukoa izan zen". Existitzen ez ziren lekuetan hitzak jarri ditu UEU-k, hala. 

Ordutik argitaratu dituen ehundaka liburuen artean, itzulpengintza lan zein jatorriz euskaraz sortu diren liburuak aurkitzen dira, arlo zehatzetako profesional, aditu edota ikasleei zuzendutakoak. "Baina arlo eta jakintza zehatzetako liburuez gain, interes orokorreko liburuak ere baditugu", nabarmendu du Torregaraik. Apirilaren 23an izanen den Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, publiko orokorrari zuzendutako liburu horietako batzuk azpimarratu ditu. 

Horietako lehena, duela hamarkada bat plazaratu eta zabalpen nabarmena izan zuen Peter Wohlleben basozain alemaniarraren Zuhaitzen bizitza ezkutua, "basoak beste begi batzuekin ikusten eta maitatzen irakasten duen liburu bat". Izan ere, egileak zuhaitzek dituzten gaitasun eta ezaugarriak azpimarratzen ditu liburuan. "Gauza harrigarriak gertatzen dira basoan: zuhaitzek ere badute memoria, mezuak bidaltzen dizkiote elkarri, mina sentitzen dute, eta gaixo dauden kideak zaintzen dituzte. Horiek eta beste asko bildu ditu Peter Wohlleben basozain ezagunak orri hauetan".

Gizarte garaikidea zeharkatzen duen auzi larrienetako bati heltzen dio Torregaraik gurera ekarritako bigarren gomendioak. Etxearen korapiloa nola askatu liburuan, Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuesta arkitektuak etxebizitzaren krisiari aurre egiteko proposamen zehatzak bildu ditu. "Nola? Etxe hutsak mugiaraziz, etxe merkeak lehentasunez erosiz, hiriak birdentsifikatuz, espekulazioa geldiaraziz, pisu turistikoak debekatuz... Kontuan izanik, betiere, etxebizitzaren arazoa konpondu behar dela bestelako arazoak sortu gabe, hiri-segregazioa edo euskararen kaltetzea kasu".

Artearen marginetan jarduten aritu diren sortzaileen ekarpenak bildu dituzte, bestalde, Irati Majuelok eta Ibon Egañak Bide desbideratuak. Literatura eta arte garaikideen inguruko ikerketa feminista liburuan. "Bilduma honetan aztergai diren idazle eta artistak sortzaile kanonikoen figurez bestela ulertu dira, baita haien sorkuntzak ere, eta, beraz, molde arruntetatik haragoko metodologiak eta irakurketa-proposamenak eskatzen dituzte, bidean ahaztu nahi ez baditugu". 

Torregaraik azaldu moduan, Liburuaren Nazioarteko Egunean, apirilaren 23an, UEU-ren liburuak erdi prezioan jarriko dituzte salgai erakundearen webgunean bertan. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!