Entzutekoak

Alex Gurrutxaga: "Lourdes Iriondoren literatur lanak berreskuratzea opari bat da euskaldunontzat"

Miren Mindegia 2026ko apirilaren 15a

Alex Gurrutxagak Lorea Jainagarekin batera egindako 'Lourdes Iriondo, bide-urratzailea' ikerlana aurkeztuko du gaur Karrikirin, arratsaldeko 19:30ean. Ondoan izanen du Miren Narbaiza musikaria, kantariariaren abestiak bertsionatzen

Iazko abenduan 20 urte bete ziren Lourdes Iriondo hil zela eta, ordutik, bere figura ahanzturatik berreskuratua izan da. Kantari donostiarraren ahotsak berezko indar eta entitatea izan arren eta Ez Dok Amairu mugimenduaren lehen lerroan egon bazen ere, Xabier Lete eta Mikel Laboa bezalako izen batzuen itzalpean lausotu zen berea, kantuak zioen bezala, hotza egiten baitzuen "anaien ondoan". Kantari bezala isiltzea erabaki zuen osasun arazoak medioa, baina horrek ez zuen mututu. Ipuin sortzaile bezala ekarpen handiak egin zizkion euskal kultura eta hezkuntzari, noiz eta gehien behar zuen unean, Frankismoaren putzu ilunak ia itota zeukanean. Egindako ekarpen luze eta zabala aztertu dute Alex Gurrutxagak eta Lorea Jainak Lourdes Iriondo, bide-urratzailea liburuan bildu dutena. 

Zein izan zen euskal kulturari egin zion ekarpena? Zer gelditzen zaigu, gaur egun, guzti horretatik? Galdera horiexei erantzuten die Gurrutxaga eta Jainagaren lanak. Eta erantzuna, argia da: asko. "Izan ere, Lourdes iriondo kantaria izan zen, idazlea izan zen, eta gehituko nuke gauza guzti horien gainetik ekintzaile bat izan zela, haustura momentu batean zegoen euskal kulturaren bultzatzaile kontzientea". Izan ere, 1960ko eta 70eko hamarkadetan euskal kultura frankismoak eragindako haustura gogor batetik indarrak berreskuratzen ari zen, eta Iriondok horretan jardun zuen eragileetako bat izan zen. 

"Ikertzen hasi ginenean, egin genuen lehenengo gauza Lourdesen obra irakurtzea izan zen", gogoratzen du Gurrutxagak. Ez zen lan erraza, berrargitaratu eta zabaldu gabeko lan bat izan zelako bere garaian, eta ipuinetako zein antzezlanetako askoren ale bat edo bi besterik ez zituztelako aurkitu. "Lan guzti hori egin ondoren, aurkitutako guztia horretan uztea tristea izango zela pentsatu genuen". Eta, hala, lan guztiak apailatu, euskara eguneratu eta bi liburukitan plazaratzea lortu dute. "Uste dugu hau opari bat dela euskaldun guztiontzat". Opari bat bakarrik ez, eta baita artista omentzeko zein bere lanak euskal literaturaren klasikoen apalean kokatzeko modua ere bada liburu hauen argitalpena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!