Entzutekoak

Euskarazko aisialdi-hezitzaile ikastaroa jarri du martxan Dindaia Fundazioak, 18 urtetik gorako gazteentzat

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 13a

Ekainean eginen den 20 eguneko ikastaro trinkoa izanen da, teoria eta praktika uztartuko dituena. Amaitzerakoan, ikasleek aisialdi-hezitzaile agiri ofiziala eskuratuko dute

Euskara erdigunean, aisialdiko heziketa integrala bultzatzea du helburu Dindaia Fundazioak abiatu duen Aisialdi Eskolak. 18 urtetik gorako nafar gazteei bideratua, parte hartzaileek haur eta gazteen aisialdiko jardueren monitore agiri ofiziala eskuratzeko aukera izanen dute. Esther Lakasta Dindaiako kideak argitu moduan, "ikastaro honek haur eta gazteen aisialdiko begiraleak prestatzea du helburu, aisialdiko jarduera hezitzaileak antolatu eta bideratzeko. Jarduera horiek guztiek euskararen erabilera eta sustapena izango dute ardatz". 

Izan ere, euskararen normalizazioa erdiesteko ezinbestekoa bakarrik ez eta "estrategikoa ere bada" aisialdiaren eremua. "Eremu horretan lotzen dugu hizkuntza eta bizipenak, inguruarekin harremantzen gara, lagunak egiten ditugu... Guzti hori euskaratik eta euskaraz egitea garrantzitsua da". Hizkuntzaren erabileraren eta zabalpenaren "eragile zuzen" bilakatzen dira, hala, begirale eta hezitzaile lanetan jarduten duten gazteak. "Beraiek kontziente ez izan arren, erreferente ikaragarriak dira haur eta gazteentzat". 

Ikastaroa ekaina bukaeran eginen da, "ikasturtea bukatu eta sanferminak hasi bitarteko tarte horretan". Dinamikari dagokionez, teoria eta praktika uztartuko dituen ikastaroa izanen da, orotara 20 eguneko iraupena izango duena. Lakastak azpimarratu bezala, "oso esperientzia polita eta dibertigarria" da gazteentzat, laneko aukera berriak irekitzeaz gain lagun berriak edota udarako planak egiteko aukerak ematen dizkienak. 

Izen-ematearen inguruko informazio eta xehetasun guztiak Dindaia Fundazioaren webgunean bertan aurkitu daitezke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!