Lehenengo eta hirugarren sariak eraman zituzten Gatza eta Olio Pizza ostatuak kudeatzen dituzten lantaldeak joan zen astean egin zen Nafarroako 26. Pintxoaren Asteko finalean. Lehenengo saria Amatxo tabernarekin partekatu zuten, hori bai. Julen Urtasun sukaldariak aipatu bezala, "oso pozgarria" izan zen saria ezagunak dituzten kideekin batera jasotzea. Haren eskutik, finaleko une horiek biziberritu ditugu, eta pintxoen sorkuntzaren bueltan aritu gara.
Urtasunen azaldu bezala, lehiaketara aurkeztu zuten Bordaxaki sando pintxoak ezaugarri zehatz batzuk izan behar zituela argi zuten hasieratik: bi mokadutan jateko modukoa izan behar zuen, eskuekin hartu zitekeena, eta gazitasun puntu nabarmenekoa ere. "Gure kasuan, bertako produktu baten inguruan eraiki dugu proposamena", gehitu du. Izan ere, bai Gatzaren izenean aurkeztutako pintxo hau baita Olio Pizzarekin aurkeztutako Pizza frijitua oso lotuta daude ostatuen berezko nortasunarekin ere.