Hogeitasei urte daramatza Anarasd Elkarteak Sahararekin elkarlanean, giza-laguntza bideratzen Nafarroatik errefuxiatuen kanpalekuetara. Hamar egun barru iritsiko da kamioi bete botika. Eta horrez gainera, bestelako produktuak ere bidali dituzte. Berrogei urte baino gehiago daramatzate 175.000 sahararrek errefuxiatuentzako kanpalekuetan bizirauten. Ordutik, ezinbestekoa izan dute Nazioarteko laguntza. Egun ere, isildua bada ere haien borroka, egoera berean segitzen dute, entzunarazia ez den gerra batean murgilduta.
Nafarroak ez du etenik izan urteotan bidaltzen duen laguntza kantitatean. Ezinbestekoa zaie haiei. Oraingoan, botikak eta hezkuntza proiektua garatzeko beharrezkoa duten materiala iritsiko zaie. Nafarroako Unibertsitate Publikotik abiatu da Saharara bidea hartu duen kamioia. Bertan izan dira Nafarroako Parlamentuko ordezkariak eta Anarasd Elkarteko kideak ere. Apirilaren 10ean iristea da aurreikuspena.