Entzutekoak

Farmazilari Euskaldunen Elkartea, 30 urte euskara sustatzen

Miren Mindegia 2026ko martxoaren 23a

Hiru hamarkadako bidea egin berri duenean Nafarroako Farmazilarien Elkargoarekin lankidetza hitzarmena sinatu du FEUSE-k, euskararen sustapenerako bideak irekiko dituen akordioa

Hiru hamarkada euskara farmaziagintzaren arloan zabaltzen eta sustatzen egon ondoren, merezitako onarpena jaso zuen joandako martxoaren 6an FEUSE-k, Farmazilari Euskaldunen Elkarteak. Pello Iturria elkarteko kide eta sortzaileetako bat izandakoaren arabera "bazegoen zer ospatu" eta hala izan zen. Ospakizunak berak aukera berriak ekarri ditu eskutik, izan ere, berriki Nafarroako Farmazilari Elkargoarekin lehenengo lankidetza hitzarmena sinatu du FEUSE-k, "zalantzarik gabe euskara sustatzeko bide berriak" irekiko dituen akordioa. 

Hiru hamarkada hauetan, entitateak ekimen ugari garatu ditu euskararen presentzia eremu profesionalean bultzatzeko. Horien artean, Farmazia Hiztegi bat egitea, farmazietarako euskarazko testuak sortzeko lehiaketak antolatzea eta euskarazko prozedura normalizatuak prestatzea nabarmentzen dira.

Iturriak nabarmendu duenez, azken 30 urteotan euskararen erabilerak gora egin du, pixkanaka, farmaziagintzaren esparruan: "Elkartea sortu zenean euskararen presentzia farmazietan oso mugatua zen eta komunikazio profesional gehiena gaztelaniaz egiten zen, baina denborarekin euskarazko informazio-material gehiago sartu da, eta pazientearentzako arreta handitu egin da hizkuntza horretan". Nahiz eta dokumentazio zientifiko eta farmazeutikoaren zati handi bat nagusiki ingelesez edo gaztelaniaz argitaratzen jarraitzen den, FEUSE osatzen duten farmazilariaren iritziz "euskarak presentzia nabarmena du gaur egun atentzio farmazeutikoan, bereziki pazienteekiko harreman zuzenean". 

Etorkizunera begira, elkartearen erronka nagusia zabaltzen eta indartzen jarraitzea da, euskara gero eta eremu zabalagora eraman ahal izateko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!