Entzutekoak

Zurrunbiloa, gazteen osasun mentala erdigunera ekarri duen Elhuyarren proiektua

Miren Mindegia 2026ko martxoaren 18a

Gazteen osasun mentalaren inguruko begirada eraldatzeko helburuarekin, Zurrunbiloa proiektuak kirolaren esparruan egin du hausnarketa, aditu eta
gazteekin. Azterketak kirolaren onurak erakutsi ditu, baina baita dinamika kezkagarriak ere, nerabeen aurkako biolentziaren sintomak direnak.

Gazteen osasun mentala erdigunean jartzea helburu duen Elhuyarren Zurrunbiloa proiektuak kirolaren esparruan egin du hausnarketa oraingoan. 500 nerabe baino  gehiagorekin egin du azterketa, eta zenbait psikologo, kirol-entrenatzaile, kirol-ikertzaile  eta antropologoren laguntza ere izan du. Nerabeen aurkako biolentzia ikusezinarekin  amaitu nahi da, funtsezkoa baita gazteen osasun mentalaren arazoari aurre egiteko behar den eraldaketa soziala gauzatzeko. Kirol esparruko hausnarketa hau egiteko  proiektuak Kutxa Fundazioaren eta Elgoibarko udalaren laguntza jaso du.  

Nerabeekin egindako azterketatik ondorioztatu da kirola egiten duten nerabeek  osasunaren markatzaile hobeak dituztela. Ez hori bakarrik, osasun fisikoa sustatzeaz  gain, nerabeen talde-pertenentziaren sentipena indartzeko gaitasuna du kirolak, eta bi  horiek funtsezko aldagaiak dira osasun mentalerako. Nerabeen % 85entzat, kirol taldekideak dira sare sozial sendoena.  

Kirolak prestigio handia du gizartean, eta azterketak erakutsi du kiroletik kanpo geratzen  diren nerabeek zaurgarritasun-zantzuak azaltzen dituztela. Besteak beste, laguntza  eskatzeko gaitasuna murrizten die kirolaren inguruan sortzen den lagun-saretik kanpo  geratzeak: % 61k ez du eskatzen laguntzarik behar duenean, nerabeen % 37k duen joera orokorraren aldean. Datu kezkagarria da, laguntza eskatzeko gaitasuna  funtsezkoa baita nerabeen osasun mentala bermatzeko.  

Kirola ikuspegi inklusibo batetik eta ongizatean zentratuta egiten denean, espazio  pribilegiatua da gazteen osasun mentala hobetzeko. Hala ere, nerabeen osasun emozionala ez da beti bermatzen kirolean. Nerabeen osasun emozionalari kalte egin diezaioketen presio-dinamikak ere gertatzen dira. Azterketa honetan, 6 dinamika  identifikatu dira, nerabeen aurkako biolentziazko jokaerak direnak: minaren  erromantizazioa, jarrera autoritarioak, zaurgarritasuna barregarri uztea, helduen  gehiegizko espektatibak, kirolaren hizkera bortitza eta konplize isil moduan jokatzea.  

Helburua da nerabeen aurkako biolentziaren ikusezintasunarekin amaitzea, funtsezkoa baita gazteen osasun mentalaren arazoari aurre egiteko behar den eraldaketa soziala  gauzatzeko. Horretarako presio-dinamikak identifikatu, genero eta inklusibitate aldetik  dauden gabeziak jaso, eta kirolean parte hartzen duten eragileentzako proposamenak  jaso ditu Zurrunbiloak (https://zurrunbiloa.eus/kirola-eta-aisia/), zenbait psikologo, kirol entrenatzaile, kirol-ikertzaile eta antropologoren laguntzarekin. Besteak beste, Iñaki  Alonso, futbol-entrenatzailea, Kunina Sport and Education aholkularitzako zuzendaria  eta Athletic-eko haurrak babesteko lehen protokoloaren sortzailea; eta Ainhoa  Azurmendi, kirol-psikologiako EHUko ikertzailea, Aventoko kirol-aholkularia eta  Realarentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta kirol-federazioentzat aholkulari lanak egiten aritutakoa. 

Zurrunbiloa proiektua 

Zurrunbiloa proiektuak ikuspegi berritzaile batetik heldu dio gazteen osasun mentalaren  arazoari. Arazoari modu kolektiboan begiratu eta erantzutea proposatzen du. Gizarteak  presioa maila askotan gauzatzen du gazteengan, eta haien osasun emozional eta  mentalean eragiten du presio horrek: presio akademikoa, kiroletakoa, estetikoa,  soziala… Adituen ustez, helduon gehiegizko espektatibek maila guztietan arrakastatsu  izateko presioa egiten diete, osasun emozionala eta mentala urratzeraino. Egiturazko  faktoreak aldatu eta presio-dinamikak identifikatu ezean, nekez gaindituko da arazoa. 

Proiektuak hiru fase ditu. Lehenengo fasean, adituekin eta testigantzak eman  dituzten4lau gazterekin, bost ikus-entzunezkoen serie bat osatu da, besteak beste.  Bigarren fasean, Elgoibarren, herri mailako diagnosi bat egin da eta, horri erreparatuta,  arazo nagusiak eta haien eragileak identifikatu dira. Eta, hirugarren fasean, gizarteari,  emango zaio protagonismoa. Bi urteko ondorioak oinarri hartuta, hausnarketa-prozesu  bat irekiko da herrian nerabeen inguruan lan egiten duten eragileekin, herrian egingo  den bide-orria adosteko. 

Elhuyarrek egin du Zurrunbiloa proiektua, Danobatgroupen babesarekin eta Kutxa  Fundazioaren eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!