'Bada argia', hala izena du Lilo talde iruindarraren bigarren diskoak. 2023an plazaratu zuen 'Nora goazen jakin gabe' diskoak abiatu zuten poparen bideari heutsi dio taldeak bigarren honetan ere, Maria Mateo abeslari eta konpositore eta Pello Iturria taldeko bateria jotzaile eta kantu egileak azaldu moduan. Kantuek garai ilunei eta barne begiradatik edaten duten gai sakonei heltzen diote, hori bai, "baikortasunetik eta argia eman nahian". Lehenengo bi aurrerapen kantuak dagoeneko kaleratu badituzte ere, disko osoa bihar, ostiralean, aurkeztuko dute jendaurrean lehenengo aldiz. Burlatako Kultur Etxean izanen da hitzordua, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, eta Las Jirafas talde argentinarraren ondotik joko dute iruindarrek. Iturria eta Mateorekin batera, Oihane Gulinak, Julen Hoyuelosek, Nekane Iberok eta Irama Oterok osatzen dute taldea.