Irriziklok aurrera jarraituko du aste honetan. Iruñeko Udalak antolatzen duen antzerki zikloak euskarazko komedia lehen lerrora ekartzea du helburu, edo zehatzagoak izateko, Nafarroako Antzerki Eskolako oholtzara. Ostegunean, arratsaldeko 19:00etan, Tartean teatro taldeak ekoiztutako bi bakarrizketa emanen dira: Patxo Telleriak idatzi eta antzeztuko duen Txizatoki bat eszenatokian, eta Mikel Martinezek gorpuztuko duen Hamalau, Lutxo Egiaren testuan oinarritua.
Tartean taldearen zigilua daramaten bi bakarrizketa izanen dira, Telleriak berak azpimarratu bezala, hitza, umorea eta ironia izanen dituztena ezaugarri nagusitzat. Txizatoki bat eszenatokian-en kasuan, testuaren egile eta antzezleak sortzailearen eta publikoaren arteko harremanaren inguruan hausnartuko du. "Oso modu pretenziosoan, pertsonaia halakoa delako, antzerkiaren kontzeptua iraultzeko helburua izango dut. Nire antzezlanean ez dago ez denborarik ez pertsonairik, ez testurik ez ekintzarik. Ikusleengan nire testuak sortu duen erreakzioa erakusten dut, kasu honetan nahiko desastroa dena". Ikusleriaren eta aktorearen artean sortuko den egoera paradigmatiko hori baliatuko du Telleriak ikusleriaren inguruan zein antzerkiaren inguruan dituen "hainbat burutazio eta ideia zoro" plazaratzeko.
Antzerkigilearen aburuzu "garai oso hedonista batean bizi gara", non norberaren iritziek garrantzia handiegia duten. Hartara, Telleriaren obraren helburuetako bat ere bada horren inguruko trufa egitea. "Ez dut entsegu bat egiten hala ere, inondik inora, komedia da, jendeak ongi pasatzeko pentsatua". Eszenografiari dagokionez, "bakarrizketa teatralizatua" dela aurreratu du egileak, ez "stand up comedy formatuko zerbait". Hala ere, oso eszenografia soila izanen da, "aktorea eta argia" besterik ez.
Izan ere, Tarteanen produkzioek zerbait badute, hitzen erabileran, hitz jokoetan eta hitzetik abiatzen den ironian oinarritzen diren obrak direla da. Hala gertatuko da ere Irrizikloren baitako emanaldia osatuko duen Hamalau bakarrizketan ere. Mikel Martinezek oholtzaratuko duen bakarrizketa Lutxo Egiaren testuan oinarritzen da. "Suizidio bat erregistratu behar duen notario baten paperetik arituko da aktorea. Izan ere, heriotzaren bertsio tragikoena izan daitekeen suizidioaren inguruan ere umorea egin daiteke, "nahiz eta oso modu finean eta delikatuan egin behar den", Telleriak azpimarratu bezala.
Antzezlanerako sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke Nafarroako Antzerki Eskolako webgunean, eta obra hasi baino ordubete lehenago leihatilan bertan eskuratu ahalko dira. Datorren astean iritsiko da bere amaierara Iruñeko Udalak antolatzen duen Irriziklo umorezko antzerki zikloa, Magma Mia taldearen JO! antzezlanarekin.