Ikustekoak

Amaia Zubieta (Mugimendu Feminista): "Beste mundu bat posible da, baina sareak elikatu beharra ditugu horretarako"

Miren Mindegia 2026ko martxoaren 2a

Ate joka dabil Martxoaren 8a, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna eta, urtero bezala, Euskal Herriko Mugimendu Feministak kalera ateratzeko deia egin du. Aurten, Beste mundu bat feminismotik lelopean beteko dira herri eta hirietako plazak eta kaleak. Amaia Zubieta Mugimendu Feministako kideak azpimarratu bezala, testuinguru globala ez da inondik inola lasaigarria, "indarkeria eta zapalkuntza desberdinek" zeharkatzen gaituzten heinean, baina horren aurrean feminismoak "itxaropenarekin erantzun" behar du, mundu posible bat irudikatuz. "Horretarako, sareak elikatu eta indartzen jarraitu beharra dugu". 

Zeharkatzen gaituen sistema "kapitalista, zisheteropatriarkal, arrazista eta xenofoboak" desberdinketa arrakalak areagotu bakarrik ez, eta betikotzen dituela ere azpimarratu dute Mugimendu Feministatik, eta hori salatzeko baliatuko da Martxoaren 8a. "Kalera ateratzen jarraitu beharra dugu, borrokan, jo eta ke irabazi arte", nabarmendu du Zubietak. 

Igandekoa ez da martxoko hitzordu bakarra izanen, bestalde. Izan ere, martxoaren 17an greba orokorrarekin bat egitera deitu dute Mugimendu Feministatik ere, gutxieneko soldataren igoera aldarrikatuz. Bestalde, Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna (martxoak 21), Etxeko eta Zaintzako Langileen Eguna (martxoak 30) eta Trans Ikusgaitasunaren Eguna (martxoak 31) ere izanen dira martxoaren akabera aldera, eta horiekin ere bat egingo dute mugimendu feministatik. 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!