Sormenak ez du adinik, baina galtzeko edo murrizteko arriskua badago. Berriki egindako ikerketen arabera, txikienek arazoak dituzte liburuetan kontatzen dena beren buruan “ikusi” edo irudikatu ahal izateko. Sormenari esker, istorioak asmatzeaz edo marrazteaz gain, beren autoestimua indartzen dute, beren autonomia sustatzen dute eta mundua hainbat ikuspegitatik ikusten laguntzen die.
Elkar Fundazioak, bere bidean, ilustrazio eta ipuin lehiaketa antolatzen du. Espazio bat irekitzen dute haur eta gazteek beren irudimenari forma eman diezaioten, euskaraz, hitzaren eta irudiaren bidez. 18. edizioan parte hartzeko epea jada zabaldu da, apirilaren 15era arte.
Hiru modalitate edo kategoria daude: ilustrazioa, ipuina eta komikia. Ipuina ilustratzeko kategorian, Txilikuk idatzitako "Tapiz berria" ipuina ilustratu behar dute HH 4 eta LH 4 bitarteko ikasketak egiten dituzten umeek. Ipuinean oinarrituta egindako ilustrazioak A4 formatodun orrian egin beharko dira. Eta margo mota eta teknika guztiak onartuko dira.
Bigarren modalitate edo kategorian berriz, ilustrazio bat ipuin batean bihurtu behar dute. LH 5 eta DBH 2 bitartean dauden haurrek Iñaki Holgadok egindako ilustrazio batetik abiatu behar dira ipuina osatzeko. Ipuinek euskaraz idatziak izan behar dute. Lan guztiak ordenagailuz idatzitakoak izan behar dira eta orrialde bakar batean aurkeztu beharko dira.
Azkenik, komikia jarraitu edo hasieratik sortzeko kategoria aurkitzen dugu, eta bertan DBH 3 eta DBH 4 mailetako gazteek bi aukera dituzte: Iñaki Holgadok hasitako komikiari jarraipena ematea edota “kirolaz gozatzen” gaiari helduta komikia hasieratik sortzea. Komikiak eskuz zein ordenagailuz sortu daitezke eta euskaraz idatzi behar dira. Teknika eta materiala guztiz libreak izango dira, baina lana A4 tamainako orrialde bakar batean entregatu beharko da.
Informazio guztia eta baita ipuin eta marrazkiak deskargatzeko aukera Elkarren webgunean topatu daiteke. Metropoli Forala saioan, Borja Goitia, Elkarreko kidea eta lehiaketako koordinatzailea elkarrizketatu dugu.