Bularreko minbizia osasun publikoaren krisi batean bilakatu da, datuek erakusten dutenez. Urtetik urtera kasu gehiago diagnostikatzen dira, eta gero eta emakume gazteagoei eragiten die. Espainiako Onkologia Medikoko Elkarteak ohartarazi duenez, datozen bi hamarkadetan minbiziaren intzidentzia %60ko igoera izatera iritsi daiteke, eta 2050ean %77koa. Datuak ez dira arrosak, bularreko minbizia ez den bezala. Halaxe azpimarratzen dute Iñurri Elkartekoek, minbiziaren akonpainamenduan, formazioan eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik diharduen elkartea.
Ostiralean, otsailaren 19an, Laban aurkeztuko dute ekimena Iñurri taldekoek. Goizeko 11:30ean izanen da hitzordua. Bertaratu nahi duenak, elizalde.inurri@gmail.com helbidera idatzi dezake. Arratsaldean, ekitaldia osatzeko, Olatz Mercaderrek Komedia=Drama+Denbora bakarrizketa emanen du. Ekitaldiaren helburua, "hutsune bat betezeko" beharretik sortu zen elkartea aurkeztea izanen da, Julene Illarramendik argitu moduan. "Denborarekin, Iñurri elkartean familia edo tribu moduko bat osatzea lortu dugu, eta horrek argi uzten du bazegoela behar bat". Iñurrira bertaratzen diren emakumeek, maiz, bilatzen ez duten baina behar duten zerbait aurkitzen dutela argitu digu Illarramendik. "Gizarteak minbizia nola bizi behar dugun esaten digu baina ez dago modu oker edo zuzenik. Askotan, entzutea da egin behar den gauza bakarra".