Entzutekoak

Jose Javier Oses (Rojavan dagoen euskal delegazioko kidea): "Kurduek oso argi dute ez dutela amorerik emango"

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 18a

Urtarrilean Siriako gobernuak egindako ofentsibaren ondoren su-etena sinatu bada ere, tentsioa nabarmena da Kurdistango lurraldean. Egun hauetan Rojavara bidaiatu duen Euskal Herriko delegazio sozialeko kideekin mintzatu gara bertan aurkitu duten egoeraz

Urtarrilaren 6an Siriako gobernuaren ofentsiba hasi zen kurduen aurka. Rojava eskualdea bitan zatitzea lortu zuten: batetik, Kobane hiria geratu zen, setiaturik eta elektrizitaterik gabe; eta bestetik, Rojavako gainerako lurraldeak. Nazioartean antikapitalismoaren erreferente diren indar kurduek halabeharrez atzera egin behar izan zuten arren, berrantolatu eta autodefentsa praktikatzen jarraitzea lortu dute. Su-etena sinatu arren, alta, tentsioa ez da baretu. 

Nazioarteko deiari erantzunez, Euskal Herriko delegazio sozial bat Rojavako lurretara bertaratu da. Astelehenean iritsi ziren bertara Garbiñe Elizegi, mugimendu feministako kidea; Jose Javier Oses, irakaslea eta Burujabetzaren Aldeko Mugimenduko, Irakasleok Palestinarekin eta GMG EH mugimenduetako kidea; Mikel Zuluaga, Global Sumud Flotilla eta Artea Sareko militantea; eta Lander Arbelaitz Argiako kazetaria. 

Jose Javier Oses Jotas-ek azaldu moduan, "nazioarteko deiari erantzunez" jo dute Rojavara, "bertako eragileekin hitz egin eta informazioa lehen eskutik jasotzeko".  Astelehenean iritsi zen taldea bertara, Bashur hiritik igaro ondoren. Eta frogatu izan dutenez, kurduek "oso argi dute ez dutela amorerik emango" eta konfederalismo demokratikoan oinarritutako proiektu politikoa bultzatzen jarraituko dutela. "Herritarren babesa du beren proiektuak, denek babesten dute".

Kobane hiria erreferente bilakatu zen jada 2015ean, indar kurduek Estatu Islamista kanporatzea lortu zuelako. Garaipen hartan, emakumeen unitate armatuek izan zuten indar berezia. Feminismoa, autonomia politikoa eta balio demokratikoak oinarri nagusi dituen proiektu politikoa da orain defendatzen dutena. Siriako ofentsibak arriskuan jarri duen proiektu politikoa. Nazioarteko hedabide askok Rojavako utopia deiturikoa amaitutzat ematen hasi diren arren, errealitatea oso bestelakoa dela kontatu digu bertan dagoen euskal delegazioak: "Horretarako etorri gara orain, ikusteko zein den egoera. Eta egoera latza da, baina miresgarria da ikustea nola tematzen diren jarraitzen eraikitzen alternatiba bat, ez bakarrik Ekialde Hurbilerako, baizik eta mundu osorako".

Astebete egonen da euskal delegazioa Kurdistango lurretan. Lander Arbelaitz kazetaria Argian aldizkarian plazaratzen ari den egunez eguneko kronikek emanen digute bidaiaren berri.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!