Lau hamarkadak askotarako ematen dute, baina belaunaldi baten baino gehiagoren gogoan iltzatuta gelditu diren abestiak sortzea ez da egun batetik bestera egiten den zerbait. Urtzen kasuan, asko dira "mitiko" zigilua bereganatu duten abestiak. Orain, horietako hamabost disko bikoitzean bildu du taldeak, eta kantu berri bat ere gehitu dio bere sortari. Urtzen diskoak, noski, bere bira izanen du. Xabier Camarero abeslariak adierazi bezala, dagoeneko abiatu dira horietako lehenak, eta laster iritsiko da Iruñeko hitzordua: heldu den ostiralean, otsailaren 28an izanen da, Nafarroako Antzerki Eskolan.
Abeslariak argitu moduan, oso bira hunkigarria izaten ari da, ohiko rock soinutik aldendu eta akustikora eraman dituzten heinean beren betiko kantuak. Oholtza gainean, hartara, diskoak baduen soinu sinfonikoak ere izanen du bere lekua. "Kantuak beren jatorrira, beren sustraira eraman nahi izan ditugu, sortu ziren momentu horretan zuten soinu akustikora", azaldu du Camarerok.