Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen berri bat sinatu ondoren, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) urte osoan zehar emanen dituen ikastaroen zerrenda plazaratu du dagoeneko. Udaberriko ikastaro sortaren izen-ematea zabalik dago jada, baita urteko eskaintzari hasiera emanen diot Ikasgelak bazterretik eraikitzen jardunaldikoa ere. Urrian Eibarren lehen edizioa egin ondoren, bigarren aldia da jardunaldia eginen dela. "Oso interesgarria eta aberasgarria izan zen lehenengo edizioa", azaldu du Eider Goiburu pedagogia feministan adituak.
Bigarren hezkuntzako hezkuntza-komunitateak bazterretako gorputzen gainean eta ikasgelan gertatzen diren dinamika baztertzaileei buruz pentsatzeko topagune bat sortzea da jardunaldi honen asmoa. Ikastaro honekin, begirada bigarren hezkuntzako ikasgelan jarri nahi da. "UEUtik aurreko udako ikastaroetan abiarazitako pedagogia konprometituen haritik tiraka, ikasgelan baztertuak diren gorputzak ekarriko dira erdigunera. Horien esperientzia eta proposamenak jaso eta irakasleok ikasgelak bazterretatik eraikitzeko duten ardurari eta ahalmenari buruz hausnartuko da".
Horretarako, lehenengo zatian gorputz baztertuen esperientzia eta hausnarketak partekatuko dira eta gogoeta kolektiborako tartea ere egongo da. Ondoren, zapalduen antzerkian oinarritutako metodologiaren bitartez bigarren hezkuntzako irakasleek dinamika baztertzailetan duten eragina eta eraldaketarako ahalmena arakatuko dira, aditu baten gidaritzapean. Azkenik, jardunaldiei amaiera emateko bertsondorioak egongo dira.
Informazio guztia, UEU-ren webgunean
Jardunaldiaz gain, modalitate eta eduki askotariko ikastaroak bildu ditu UEU-k udazken honetarako. Lehen ikastaro horietako informazio eta xehetasun guztiak UEU-ren webgunean bertan aurkitu daitezke dagoeneko: www.ueu.eus.
"Aurten Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean 13 ikastaro eskainiko ditugu", azaldu du Kochek. "Edonork egin ditzake, baina unibertsitatean ikasten dabiltzan ikasle nafarrek izango dute lehentasuna". Doakoak izateaz gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ECTSak lortzeko aukera emango die ikasleei eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ere, irakasleen etengabeko prestakuntza gisa homologatu ditu.