Egoera diglosikoan bizitzeak sortu ditzakeen korapiloak askatzea eta bide berriak asmatzea. Horiexek izanen dira martxoaren 7an, 14an, 21ean eta 28an eginen diren Astindu Topaketen bigarren edizioaren helburu nagusiak. Jon Bujandak (Karrikiri) eta Xan Airek (Plazara) argitu moduan, iazko edizioaren arrakastari jarraiki antolatu dute bigarren edizioa, "oso aberasgarria" izan baitzen. Airek azpimarratu gisa, izan ere, "osotasun batekin" atera ziren parte-hartzaileak saio haietatik, zeharkatzen gaituzten arazoak zeintzuk diren identifikatu eta izendatu ondoren, korapilo hauek askatzeko bideak marraztu baitzituzten.
Hartara, iazko formatuari eutsiko diote aurten ere. Saioetako gidari lanetan Jon Sarasua (UHEZI, Euskaltzaindia), Jone Miren Hernandez (EHU), Aritz Ibañez (Duguna) eta Rosa Ramos (Uharri) arituko dira, parte-hartzaileek proposatuko dituzten korapilo horiek askatzera bideratutako gaiak jorratzen. Saio bakoitzak bi atal izanen ditu: lehenengoan, hitzaldi sakon baina pizgarria eskainiko du hizlari bakoitzak, "gai teorikoetan patxadaz janzteko eta bakoitzaren beharrei norabidea aurkitzen laguntzeko, galdera-erantzun tarte zabalekin"; bigarrenean, aldiz, Plazarako kideek gidaturik azpimarra teknikoak eginen dira, soziolinguistikatik, adituen hitzaldietan zein parte-hartzaileen korapiloetan oinarrituta, modu parte-hartzailean diskurtso eraginkorrak eraikitzeko.
Topaketak "euskaraz bizitzeari lotu lehentasunezko korapilo bat (erabilera, diskurtsoa, hizkuntza- bizikidetza…) askatu nahi dutenentzat" da, Bujandak argitu duenez. Euskararen ekintzailei, kultur sortzaileei, bere inguruan euskararen presentzia indartu nahi dutenei edo eta euskararen biziberritzean amets eta epika berriak nahi dituztenei ere zuzentzen da, baita euskararen biziberritzerako tresna, ekintza, amets berriak sortu nahi dituztenei ere.