Egunotan, NUPeko Sario eraikinean dagoen, Adrian Irisarriren erakusketak gelditzera, inguruari beste modu batean begiratzera eta espazioan arreta handiagoa eskaintzera gonbidatzen du. Tokiaren, denboraren eta ikuslearen begiradaren artean esperientzia berezia eraikitzen da. Erakusketa DeerHound Dorrea proiektuaren geletako lanen bilduma da. 3 urte daramatza proiektu honetan lanean eta, bide horretan, Tafallan, Barakaldon eta Gasteizen ikusgai egon da. Erakusketa- eta performantzia-proiektu honetan bere baitan irudikatzen duen fikziozko dorre bateko gela bakoitza eraikitzen joanen da. "Dorre bat egitearen ideia bururatu zitzaidan. Aukera ematen zidalako interesatzen zaizkidan gauzak leku justifikatu batean jartzeko".
Erakusketa hau etnografiarekin, historikoarekin, erritualarekin eta lurraldearekiko afektuarekin lotuta dago. Bere sorkuntzak iruditeri hori lantzen du, inguruan dituen objektuak eta formak birpentsatzeko asmoz: "Bilatzen dudana da arte arlotik kanpo dauden pertsonek ikustea badaudela gauzak bizitzan ipintzeko forma ezberdinak eta hortik konklusio estetikoak ateratzea. Sinbolo edo objetuen gainean beste geruza bat jartzen dut, ikusleak antzematen dituenak, baina beste modu edo forma batekin aurkeztuak".
Adrian Irisarri Arte Ederretan graduatu zen eta Pinturako masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Metropoli Forala saioan elkarrizketatu dugu proiektuaren inguruko xehetasun ezagutzeko.