Hari solteen eta oihal koloregabeen artean, gizon zahar batek bere oroimena desegiten dela atzematen du. Oroitzapen bakoitza haizean galdutako hari hauskor bat da, berreskuratzen saiatzen dena, bere bizitzako ehuna josten duen bitartean. Jostunaren alabak, aitak galdu nahi ez dituen oroitzapen horiek biltzen saiatuko da. Hauxe da larunbat honetan Atarrabiako kultur etxean estreinatuko den Hariak, oroitzapenen kutxa antzezlanaren proposamena. Pájaros pintados antzerki taldeak eramanen du oholtzara.
Maia Ansa antzerki taldeko kideak kontatu bezala, objektu antzerkian oinarritzen den obrak memoriaren arrakalatik hitz egiten du, baina ez dementziaren edo gaixotasunen ondorioz galtzen den memoria horretaz bakarrik, baizik eta bizitzan ahaztuta uzten diren txataletaz ere: "Gure buruari galdetzen diogun zerbait da, adibidez: Ez al dugu akaso inoiz ahaztu nahi izan ederra dena bakarrik gogoratu ahal izateko?". Duela hiru urte sortu zen Pájaros Pintados antzerki taldea, bide labur bezain emankorrarekin. Izan ere, Olaiaren lorategia lehen antzezlanarekin 70 emanaldi baino gehiago eman dituzte dagoeneko.