Oker Gabiltza, Irrintzi Plazako atal berriak, sexu-genero disidentziarekin zerikusirik duten gaiak jorratuko ditu. EHGAM Nafarroako kide diren Kepa Yecora, Oskar Sada eta Ana Jaka izango ditu gidari.
EHGAM, sexu askapen mugimendua 1977an jaio zen. Askotariko jendea izan da kolektiboan. Mendearen hasieran Kattalingorriren barruan sartu zen eta azken bost urte hauetan berriro ekin diote lanari. “Ez gara gay talde bat. Ez dugu borroka egiten orientazio jakin batetik. Gurea LGTBIQ+ taldea gara, baita transbibollomarika ere”.
Lehenengo atal honetan LGTBIQ+ kolektiboaren hizki bakoitzaren esanahia azaldu dute, orientazio eta identitatea bereiziz. Asexualitateaz ere mintzatu dira, kolektiboa izendatzerako orduan batzuetan A hizkia ere gaineratzen zaiolako. Beste pertsona batzuekiko erakarpen erotikorik sentitzen ez duen pertsona baten joera sexuala da asexualitatea.
Irainaren birjabetzearen inguruko hausnarketa ere egin dute Yecorak, Sadak eta Jakak. Hau da, Irain bat jasotzen duen talde estigmatizatu bateko lagunek irain bera erabiltzen dutenean modu positiboan. Horregatik transbibollomarika direla ere onartzen du EHGAMek.
Oker Gabiltza, Irrintzi Plazako atal berria martxan da!