Santas Pascuas jaialdiaren eskutik larunbat honetan, abenduaren 3an, Geminiss taldeak bere lehenengo LP-aren aurkezpen kontzertua emanen du Iruñeko Txintxarri ostatuan, eguerdiko 14:00etan. Olaia Bloom, Las Culebras, The Manilas edo Los Acidos taldean ibilitako musikariaren bakarkako proiektua da Geminiss, eta zortzi kantuz osatutako diskoarekin aurkeztu da jendaurrean: Sueños, ideas y reduerdos. Eszenatoki gainean aspaldiko lagunak izanen ditu alboan: Ikerne Gimenez, Arantxa Lopetegi eta Ion Etxabarri baterian, Mariana Mott ordezkatzen.
Diskoko abesti guztiak, aldiz, bakarrik grabatu ditu Bloomek Guillermo Mutiloaren Motu estudioetan, bai ahotsak baita musika tresna guztiak ere; denak, bateria izan ezik, Mutiloak berak sartu duena. Bakartasun horrek, alta, askatasun osoa eta bere buruaren alderdi berriak deskubritzeko parada ere eskaini dio musikariari. "Nahi nituen abestiak nahi nituen moduan egin ahal izan ditut, nire irizpide propio eta bakarrarekin. Oso argi nuen nola egin nahi nituen, zer soinu izatea nahi nuen, eta hala izan da". Bestalde, baxua lehen aldiz jotzeko aukera ere izan du horrela. "Ez nuen sekula baxua jo, beti aritu naiz gitarrarekin, eta orain ikaragarri gustatzen zait".
Geminissen abestiek norbere burua aldarrikatzeaz hitz egiten dute, baita bizitzaren aurrean jarrera irreberente eta gaztea edukitzeaz ere. "Geminis garenoi betiereko nerabe deitzen gaituzte, eta badago hortik. Nahi gabe edo inkontzienteki, egia da diskoa badela nire autoerretratu bat". Baina zerbaiten inguruan hitz egiten badu, hori maitasuna da. "Abesti guztiek hitz egiten dute, modu batera edo bestera, maitasunaz".