Susa argitaletxearen eskutik, 'Guztia urruntzea da' poesia liburu berriarekin dator Hasier Larretxea idazlea. Izendatzen ez den arren lurrari, Baztani lotutako liburu bat da, bertan agertzen baitira landa eremuko usain eta koloreak, herdoila, goroldioa eta behe-lainoa. Miren Asiainek liburuaren azalerako sortutako irudiak iradokitzen duen gisan, etxeko leihoetako gortina artetik sumatzen da inguruko paisaia. Larretxeak aitortu digun bezala, argi gehiago dago azken liburu honetan, distantziari modu adeitsuago batean begiratzearen ondorio.
Baina zerbait bada orrialde hauen muinean, distantziaren ideia atzemanezina da hori. Ez horrenbeste distantzia fisikoa, haurtzarotik aldentzen gaituen distantzia ezinbesteko hori baizik. Hiru atalek osatzen dute liburua —Klorodun itzalak; Korapilatutako hariak; Sua itzaltzen bada— eta begirada batek lotzen ditu hirurak; zerura begiratzen du poetak, ur zuloetara, iragana den larre kotatu lohitura. Haurtzaroko minez ari da eta gaurko argi izpiez, belaunikatzeaz eta besarkatzeaz, unean izendatu ezin izan zenak utzitako hutsuneaz. Bertze bizitza bat kausitzeko irrikan, bizitza honen beraren baitan.