‘Xiberutikan mendebaldera’, 24. Korrikaren abestia

Euskalerria Irratia 2025eko abenduaren 11

Pello Reparazek sortu ditu kantaren musika zein letrak eta Erramun Martikorenak eta Maixux Zugarramurdik ere hartu dute parte

Jendez lepo zegoen Agoizko Kultur Etxea gaur eguerdian. Ikastetxeko eta Pirinioetako AEK-ko ikasleek azkar bete dituzte eserlekuak. Agertokian hiru aulki eta galdera bat ikusle guztien ahotan: “nor izango ote da Korrikako abestiaren egilea?”

Oholtzara atera da Ane Elordi Korrika arduraduna eta bere atzetik Pello Reparaz eta Maixux Zugarramurdi. Txalo zaparrada entzutetsua izan da. ‘Xiberutikan mendebaldera’ du izena abestiak. Pello Reparazek sortu ditu kantaren musika zein letrak, eta bideokliparen zuzendaritza lanaz ere arduratu da. Reparazekin batera, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariek hartu dute parte. Bideoklipari dagokionez, nabarmentzekoa da plano-sekuentzian grabatuta dagoela.

Ane Elordik gidatu du ekitaldia, eta zinez eskertu du Reparazen ahalegina: “Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik”, esan du. Aurten, lehenengo aldiz, AEK osoak prozesu demokratiko baten bitartez aukeratu du nori egin kantaren mandatua, Elordik adierazi duen moduan: “Aurrenekoz, AEKide guztion artean erabaki dugu noren eskutan jarri Korrikaren kanta”, azaldu du.

Ondoren, Reparazek hartu du hitza eta Korrikaren abestia sinatzea bere ibilbide artistikoko “erantzukizun eta poz handienetako bat dela” aitortu du hunkituta. “Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”.

24. Korrikaren leloaren “pisu handiaz” hitz egin du: “ez gara bakarrik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara”, adierazi du kantaren egileak. Kantari mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea ematen ahalegindu da, “ez ereserki zurrun” batena. Entzuten duenak koru honen parte sentitu dezan nahi izan duela aipatu du. Abesti honek jendarteari euskarara hurbiltzeko gonbita egiten dio.

24. Korrika martxoaren 19an hasiko da Atharratzen eta martxoaren 29an bukatuko da Bilbon, ‘Euskara gara’ lemapean. Errigora omenduko dute edizio honetan eta Pello Reparazek jarriko dio musika.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!