Juantxo Agirre: "Iruñeko lehen erregeak, Sancho Garces I.ak, berritu eta zabaldu zuen Iruñeko Erresuma"

Euskalerria Irratia 2025eko abenduaren 10a

Azken zazpi urteetako ikerketaren ondoko emaitza bi liburutan jaso du Aranzadik. Resako hiribilduko aztarnategiari buruz eta Iruñeko Erresumako lehenengo erregea izan zen Sancho Garces I.ari buruz aritu da Aranzadi Zientzia Elkarteko Juantxo Agirre Mauleon arkeologoa.

Resa aztarnategi arkeologikoari buruzko bi libururen aurkezpena eta Iruñeko lehen erregea izan zenaren Sancho Garces I.aren eskultura baten inaugurazioa aurkeztu berri du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Lehen liburuak historia aztertzen du eta Aitor Pescador Erdi Aroko historialariak gidatu du. Bertan, Resa hiribilduari buruz aurkitutako dokumentu-iturriak jaso eta aztertu dituzte. Bigarren liburua Agirrek hasi eta gaur egun Josu Narbartek zuzentzen dituen indusketa arkeologikoetan oinarritzen da eta irudiak dira nagusi; argitalpen hau Nafarroa Arkeologia Auzolana bildumaren 4. alea da.

Resako hiribildua "Erdi Aroko aztarnategi bat da eta Sartaguda eta San Adrianen tartean dago; Ebro ibaiaren hertz-hertzean". Ia mila urte dira bertan herri bat existitu zela, azaldu du arkeologoak. "Resa izeneko villa bat da bertan dagoena", eta gainera, inguru horretan, "garai batean azaldu ziren lurrean giza hezur pila. Eta baita ere, nola Ebro ibaiak batzuetan gainezka egiten duen, horren aurrean obrak egin zituzten eta hortik lurra atera zuten". Ariketa horretan harri bloke oso handiak ere agertu ziren. Andosillako herritarren artean betidanik egon da galdera, zer ote harri hauek? Akueduktu bat, jauregi bat, gaztelu bat... Eta arkeologoak deitu zituzten erantzuna ezagutzeko. 

Eta azken zazpi urteetako ikerketaren ondoko emaitza bi liburutan jaso du orain Aranzadik. Hezurrak topatzeko arrazoien artean honakoa nabarmendu du Agirrek: "300 edo 400 baino hilobi gehiago eta hilobiak dira lurrean eginda. Kristauak dira. Jendea jartzen zuten eguzkiari begira eta harrizko kutxak bezala, lurrean jartzen dituzte, barruan sartzen dute hildakoa eta goian harlauza handiak". Horrelako dozena bat induskatu dituzte eta horrek esan nahi du "500. urtetik 1400-1300 arte hor jendea lurperatzen zutela. Momenturen batean hor herri handi bat zegoen eta guk bilatu nahi genituen etxeak edo eliza", azaldu du arkeologoak.

Toki horrek hartu zuen garrantzia, eta Iruñeko lehen erregeak, Sancho Garces I.ak berritu eta zabaldu zuen Iruñeko Erresuma. Asteburu honetan Andosillan Sancho Garces I.aren eskultura bat inauguratuko dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!