Nafarroako Gobernuz Kanpoko Koordinakundeak egitarau zabala prestatu du Giza Eskubideen Nazioarteko egunaren harira. Asteazkenean bertan, abenduaren 10ean, Nafarroako Parlamentuan Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren irakurketa “kritikoa” eginen da. Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria izanen da ekitaldiari hasiera emanen diona, 12:00etan Osoko bilkuren aretoan. Jarraian, Octavio Romano Gizarte Entitateen Plataformako ordezkariak hartuko du hitza, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko egin den manifestua euskaraz eta gazteleraz irakurriz.
GKE-en Koordinakundeak Etorkizuna eraikiz: giza eskubideak defendatu lema hautatu du aurten, Inma Rekalde kideak azaldu moduan, ahaztu ezin diren gatazkak gogora ekartzeko helburuarekin, tartean Ukrainiako gerra edo Palestinako genozidioa, baina baita munduan zehar giza eskubideen urraketa sistematikoa eragiten duten beste hainbat gatazka.
Ostegunean, abenduaren 11n, Giza eskubideak adimen artifizialaren garaian hitzaldia emanen da Tuterako UNED-en egoitzan, 10:30etatik 13:30era. Hitzaldi hau online emanen da, Pobreziaren Aurkako Nafarroako Sareak antolatuta.
Txikienek ere izanen dute bere lekua astean zehar antolatutako ekitaldietan. Abenduaren 13an, larunbata, 11:00etatik 13:00etara haurrentzako jolasak antolatu dira Gazteluko Plazaren eta Karlos III etorbidearen arteko espazioan. Egun horretan bertan baina Media Luna parkean dagoen San Bartolome gotorlekuan sahararrei babesa erakusteko ekitaldia antolatu da. "Bi metroko garaiera duen eskultura baten aurrean bilduko gara horretarako, hainbat erakunde eta elkarteren parte-hartzearekin".
Datorren astera begira, bestelako ekitaldi eta jarduerak ere egonen dira. Abenduaren 15ean, astelehean, Ultraeskuinaren aurpegia Latinoamerikan hiltzaldia emanen dute Irania Curz abokatuak eta Federico Ginliani sindikalista argentinarrak. Nafarroako Antzerki Eskolan izanen da, arratsaldeko 19:00etan.
Egun horretan bertan, Ribaforadako Kultur Etxean Afrikako emakumeak bakearen eraikuntzan eleberria aurkeztuko da 18:00etan. Aldi berean, abenduaren 19ra arte luzatuko den argazki erakusketa bat paratu da: Basamortuko emakumeen bidaia.
Abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra, urteroko gabon azoka Gazteluko plazan egonen da, eta bertan Nafarroako GKE-ek ere izanen dute beren txokoa. Bidezko merkataritza postuan giza eskubideak eta ingurumena errespetatzen dituzten produktu askotarikoak izanen dituzte salgai, Rekaldek azpimarratu gisan, "gabonetako oparitarako oso egokiak izan daitezkeenak". Goizeko 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara egonen da zabalik saltokia.