Herri kuttuna disko berria plazaratu du Skabidean taldeak, estudioko bere seigarren lana hain zuzen ere. Kaki Arkarazoren gidaritzapean Andoaingo Garate estudio mitikoan grabatua, zazpi abestiz hondu du taldeak disko berria. Zazpi abesti eta kontzeptu bakarra, Antonio Iriarte taldekideak argitu bezala: “Kontzeptua da bai Euskal Herritik joan behar izan diren pertsonak erdigunean jartzea. Ikusten dugu gaur egun egon daitekeen arazo larriena zure herrialdetik joan behar izatea dela, eta horretan jarri dugu arreta”. Iriarterekin batera June Gabarain aritu da kantuak sortzen, eta Imanol Olague eta Tasio Lopez de Guereñu aritu dira konposaketa lanetan. Iñigo Garateak (gitarra), Nikolas Leonardok (tronpeta), Gaizka Otsoak (tronboia), Oier Baldak (saxofoia) eta Iñigo Martinezek (saxofoia) osatzen dute Skabidean.
Aurreko diskoan 17 abesti grabatu ondoren, erritmoa lasaitu eta bost abesti grabatu dituzte honakoan. Horiei diskoari hasiera ematen dion bertso bat gehitu diote, baita seinde eta lagunartean grabatu duten Ikusten duzu goizean kantu herrikoiaren bertsioa ere. Disko osoa entzungai dago jada plataforma guztietan, eguberrien ondoren hasiko dira zuzenekoekin. Urtarrilaren 9an izanen da lehenengo hitzordua, Iruñeko Totem aretoan, Banda Bassotti taldearekin batera. Martxoan Euskal Herriko mugetatik aterako da taldea, nora eta Japoniara joateko. Bertan, sei kontzertutako bira eginen du talde iruindarrak.