Betirako oroitu nahiko lukeen finala egin nahi zuela erran zuen hasierako agurreko bertsoan, eta halaxe izan zen. Xabat Illarregi Marzolek jantzi zuen larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketako 47. edizioko txapela, bere lehenengoa, buruz-burukoa Joanes anaiarekin jokatu ondoren. Ander Aranburuz buruz-burukoa iragartzerakoan Illarregi anaien izenak erran zituenean, Nafarroa Arenak eztanda egin zuen, txapeldunarentzat bereziki hunkigarria izan zen unea: "Banekien ni izan nintekeela, banekien beste norbait izan zitekeela. Baina tokatu zenean Joanes eta biok buruz-burukora pasatzea ederra izan zen, plaza lehertu zen eta oso momentu hunkigarria izan zen". Gogoangarria izateko osagaiak ere bazituen finalak. Lehenengo aldiz Nafarroa Arenan, eta inoizko publiko zabalenarekin. 2500 pertsona bildu ziren saioa bertatik bertara jarraitzeko.
Illarregitarrei elkarrekin abesten hastea egokitu zitzaien zozketan eta horrekik lasaitua hartu eta finala sendo hasteko indarra eman ziola aitortu digu txapeldunak. Gauzak gertatzen joan ziren ustez nahiko genukeen bezala. Kanpotik lasaitasuna transmititzen zela esan zuten, nahiz eta nire lanak ere izan nintuen zortziko nagusian, barne prozesioak izan nituen, baina emaitzarekin pozik nago". Zaldiko Maldiko elkarteko lehendakari Segio Barandiaranek jantzi zion txapela irabazleari. Xabatek euskari eskaini nahi izan zion bere azken bertsoa, hizkuntzarik gabeko herri bat ez dela herri azpimarratuz:
Nafarroako Txapelketako finaleko zortzi finalistak 2026an izanen den Euskal Herriko Txapelketa Nagusian arituko dira. Horietatik zazpik Nafarroako finalera iristearekin batera eskuratu zuten Txapelketa Nagusian aritzeko pasea. Joanes Illarregi, bestalde, zuzenean finalaurrekoetatik hasiko da, aurreko edizioan finalista izan zelako. Xabat Illarregik erronka bezala irudikatzen du hurrengo lehia: "Xabat bezala joango naiz Txapelketa Nagusira eta ez hainbeste Nafarroako txapeldun bezala, nahiz eta zaila izango den ere".
Txapeldunak nabarmendu bezala, uste baino lehenago iritsiko da Euskal Herrikoa. Lehenengo fasea datorren urteko irailean abiatuko da eta zazpi lurraldeak zeharkatuko ditu. Finala abenduaren 20an izanen da eta, aurreko edizioan bezala, Iruñeko Nafarroa Arena izanen du agertoki.