Ostatu eta lokal txikietako oholtzetatik diskoa grabatzeko urratsa eman du Hondora taldeak. Elisa Bayona eta Ibai Gallardok osatzen duten proiektua unibertsitate garaian sortu zen eta berehala iritsi zitzaien kontzertu txikiak emateko aukera. Bidea egin bitartean ondu da taldea, beraiek azpimarratu duten bezala: "Hiru urte baino gehiago kontzertuak ematen generamatzala erabaki genuen gure kantuak egiten hasteko garaia zela, eta horrela sortu dira disko hau osatzen duten abestiak". Azaroaren 28an plazaratuko da Hondoratu eta azalera irten diskoa plataformetara, baina gurean primizian entzun ahal izan ditugu taldearen lehenengo lan luzeko abestietako batzuk.
Biko formatuan aritu diren arren, Erviti estudioan sartzerakoan banda formakuntzarako urratsa eman dute. Josu Erbiti bera baterian, Joseba San Sebastian baxuarekin eta Idoia Asurmendi pianoan, puntako musikariak alboan izatea "zorte eta pribilegio" gisa atzeman du bikoteak. "Idoia Asurmendi oso laguna dugu eta guretzat zorte oso handia da bera bezalako musikari eta abeslari bat ondoan izatea". Bere lehenengo diskoak bi egileen antagonismoa islatzen du, Bayonak azpimarratu bezala: "Nik tristurara eramaten ditut abestiak, Ibaik gehiago haserrera, baina badago argia ere, badago alaitasuna". Poema abestia da horren adibide.
Bikoteak Euri ur abestia eskaini digu zuzenean, diskoaren muina aski ongi islatzen duen abestia: "Hondoratu eta azaleratzea halabeharrezko prozesu desidealizatu bezala. Diskoan barrena, norabide baten eta bestean errepikatzen den patroi baten analogia egiten da. Gure laztan, haserre, zaintza, zauri eta bulkadak ikusi eta ikasitakoari. Bidegabeak zein zilegi diren gauzei".