Petti: “Inguratzen gaituen ankerkeriaren kontrako garrasia da disko berria”

Euskalerria Irratia 2025eko azaroaren 27a

‘XX ta bortz urte zuzenean’, 17 abestiz osatutako lana kaleratu du bere ibilbideko abestirik esanguratsuenekin

“Hasieran, parranda egiteko modua zen niretzat musika. Bigarren diskotik aurrera ikusi nuen aukera izan nezakeela musikaz bizitzeko”. 25 urte egin ditu oholtza gainean Petti abeslari beratarrak. Aurretik Noise Hole eta Zup taldeetan ibili zen eta 1997an bakarkako bideari ekin zion. Bere lehenengo diskoa Amets bat da zuen izena. 1999an kaleratu zuen. Ordutik, beste 13 kaleratu ditu eta mende laurdena ospatzeko, hamalaugarrena ere: XX ta bortz urte zuzenean. Etxeko Uzta musika bandaz lagunduta, 17 kantu jasotzen ditu, 2024ko azaroan grabatutako zuzeneko hiru kontzertutik hautatutako abestiak dira: Ataunen, Beran eta Hondarribian. “Zuzeneko kontzertuek duten freskura ezin da estudioan lortu. Jendea gertu sentitzen duzu. Jo aurretik duzun urduritasunak sortzen duen adrenalina bakarrik zuzenekoetan lortzen da”, dio Pettik.

Disko indartsu, elektriko, rockzale da, 80 minutuan rock-and-rollaren esentzia kontzentratua duena. “Kantu rockeroenak eta indartsuenak nahi nituen sartu, bizitzen ari garen garaiengatik. Inguruan ditugun sarraski eta egoera zail guzti hauen aurrean garrasi egiteko beharrean sentitzen naiz. Disko gogorra egiteko gogoekin nengoen”, aitortu digu Pettik. Lanez gainezka dabil azken aldi honetan. 2026an kantu berriez osatutako diskoa ere kaleratuko baitu.

Irrintzi Plaza saioan izan dugu Petti, XX ta bortz urte zuzenean diskoa aurkezten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!