Euskal artisten eta sortzaileen egoeraz hausnartzeko helburuarekin antolatu dute Euskal Artisten bigarren mintegia. “Marko bat kultura euskaraz bizitzeko eta egiteko, minorizazioan ez betikotzeko” izenburupean, hitzaldi, hitzartze labur eta mahai inguruak antolatu dituzte elkarlanean UEUk eta Lanartea, Euskararen langile profesionalen elkarteak. Zita, azaroaren 20an izango da Donostiako Santa Teresa Komentuan, goizeko 9:30etik aurrera.
Duela bi urte antolatu zen lehenengo mintegia eta bertan artistaren estatutuaz hitz egin zuten. Horren ondorioz, Euskal Artisten Lan eta Baldintzen I. Inkesta kaleratu berri du elkarteak. Sektorearen prekarizazioarekin arduratuta agertu da Amagoia Gurrutxaga, Lanartea Elkarteko koordinatzailea. Hizkuntza aldagaia erdigunean jartzen zuen inkestarik ez zegoen. 245 euskal sortzailek parte hartu zuten eta erantzun zutenen %40ak zuen soilik jarduera artistikoa diru iturri bakar. 2023ko datuak kontutan hartuta, euskaraz egindako lanaren ondorioz jasotako irabazi garbiak 1.000 euro ingurukoak dira.
Euskaraz soilik aritzen direnak %68ra ez dira iristen eta alde nabarmena dago euskaraz soilik eta euskaraz eta erdaraz sortzen dituztenen arteko irabazietan. Euskal sortzaile asko, gutxieneko lanbide arteko soldataren azpitik bizi dira eta inkestan parte hartu zutenen heren batek lanbidea uztea pentsatu du azkeneko urtean.
Mintegiari hasiera emango dion hitzaldian, Ekhi Zubiria Etxeberria soziologoak, kultur arloko eremu eta diziplina ezberdinei buruzko orain arteko datuak bilduko ditu, euskal kultur sektorearen argazkia egiteko asmoz. Ondoren, hainbat hitzartze labur egongo dira. Horietan, kultur eskubideak, transmisioa, prekarietatea, politika publikoak edota botere harremanak izango dituzte hizpide. Bukatzeko, mahai ingurua gidatuko du Iñigo Astiz idazleak, “Legezko jantzi bat, artezko bizitza bati” izenburupean.
Irrintzi Plaza saioan Amagoia Gurrutxaga Uranga, Lanartea Elkarteko koordinatzailea elkarrizketatu dugu mintegiaren nondik norakoak ezagutzeko. Informazio guztia ueu.eus webgunean.