Herrietan, nor den nor kokatzeko, etxeez galdetzen dugu. Ze etxetakoa da? Galdera hori erantzutearekin nahikoa izan da urte luzez norbait nor den eta ze familiatakoa den jakiteko. Badu beraz, etxearen izenak uste baino tradizio eta garrantzi gehiago.
Eta Beran, argi dute hori. Berako 170 etxetan izena eta etxe horren inguruan dagoen dataziorik zaharrena biltzen duen altzairuzko plaka bana paratu zuen iazko urrian Mugerri Elkarteak. Orain, bigarren fasea abiatu dute eta 160 baserritan jarriko dute izena. Herritarrentzat doakoa izan da eta guztira 320 izen inguru jarriko dituzte, eta herritarren %97ak bat egin du proiektuarekin.
Gaur egun toponimiaren garrantzia aldatu da. Hala ere, garai bateko herriaren ohitura, gizartea eta tradizioa jasotzeko baliagarria izan da. Erretako, amildutako, desagertutako eta berritutako eraikinak ere izan dituzte kontuan.
Horretarako Pello Iratzoki Errandoneak egindako ikerketa lana izan dute abiapuntu eta Euskaltzaindiak onartutako izendegien arabera jarri dituzte izenak, ahozko eta idatzizko tradizioak kontuan hartu dituzte.