Tentsioa bazegoen eta urduritasuna nabarmena zen. 300 pertsona inguruk lepo bete zuten Tafallako entzunaretoa Nafarroako Bertsolari Txapeleketako azken finalaurrekoa bertatik bertara jarraitzeko. Saio puntuagarria amaituta, Joanes Illarregik eskuratu zuen garaipena, baita azaroaren 29an Nafarroa Arenan eginen den final handirako pase zuzena ere. Haren atzetik gelditu zen anaia, Xabat Illarregi. Biak ala biak baziren finaleko aulkiak betetzeko hautagai nagusiak, eta ez zuten hutsik egin.
Illarregitarren atzetik gelditu ziren, puntuazio ordenean, Josu Sanjurjo (486), Xabi Maia (466), Amaia Elizagoien (427) eta Ekain Alegre (425). Ainara Ieregi kolaboratzaileak azaldu moduan, saio ona eman zuten denek ala denek, baina puntuazioak tartean azken hauek ez dute finalerako lekurik lortu. Tafallako saioko ariketa hoberenak berreskuratu ditugu errepasoa egiteko.
Txapelketak zeharkatu ditu Nafarroako lur berde, hori eta gorriak; eta azken geltokia baino ez zaio falta: finala. Orain artekoak jokatuta, argitu da zortzi finalisten zerrenda. Finala azaroaren 29an izango da, Iruñeko Nafarroa Arenan, arratsaldeko 17:00etan hasita. Agoizko, Leitzako eta Tafallako finalaurrekoak jokatuta, erabaki da finaleko zortzikotea. Saio bakoitzeko hiru irabazleei (Eneko Lazkoz, Julio Soto eta Joanes Illarregi) puntuazioaren araberako beste bost bertsolari gehitu zaizkie. Hauek arituko dira kantuan Nafarroa Arenan.
1. Joanes Illarregi Marzol
2. Julio Soto Ezkurdia
3. Xabat Illarregi Marzol
4. Eneko Lazkoz Martinez
5. Saioa Alkaiza Guallar
6. Ekhiñe Zapiain Arlegi
7. Sarai Robles Vitas
8. Eki Mateorena Zozaia