Inge Mendioroz: "Lurdes Iriondo kantari bat baino askoz gehiago izan zen"

Miren Mindegia Petrirena 2025eko azaroaren 13a

'Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako' dokumentala zuzendu du Inge Mendiorozek, Idoia Garzesekin batera, Ez Dok Amairuren sortzaileetako bat izan zenaren ibilbidea ezagutzera emateko asmoz

Lurdes Iriondo izena erran eta kantaria datorkigu burura, Ez Dok Amairu edo  Xabier Lete datorkigun modu berean. Baina ba al dakigu nor izan zen benetan Lurdes Iriondo? 1937an sortua, duela 20 urte zendu zen, 2005eko abenduan. Bere bizitza, askorentzat oraindik ere ezezaguna, ez zen alferrik pasa, ezta historiatik ezabatuak izan diren emakume kantari belaunaldi oso batenak ere ez. Horixe da Inge Mediorozek eta Idoia Garcesek sortu duten Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak azpimarratzen duen ideia. Donostiako Zinemaldian estreinatu ondoren, Iruñeko Golem zinemetara iritsi da aste honetan, eta astebetez egonen da ikusgai Yamaguchiko aretoetan. 

"Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztua gelditu den abeslari gaztea" da Lurdes Iriondo, Mendiorozen hitzetan. Bere irudia murriztua eta zirriborratua gelditu da denborarekin, baita Xabier Leteren itzalpean amildua ere. Baina Lurdes Iriondo emakume zirraragarria izan zen. "Bere bihotzeko gaitza tartean eszenatokietatik aldendu zenez, askok uste dute ibilbide laburra egin zuela. Baina 1978ra arte egon zen abesten, eta ondoren ere ez zuen sortzeari utzi. Haurrentzako liburuak eta antzerki pila bat idatzi zituen". Dokumentalak, halaber, garai berean kantagintzan jardun zuten emakumeak ekartzen ditu gogora, tartean Maite Idirin edo Estitxu bezala. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!