Gaztainondoa euskaldunon ezinbesteko bidelagun izan da historian zehar. Arbola honen inguruan kultura oso bat egon da, gaztainadien kudeaketatik hasita gaztainaren bilketa, kontserbazioa eta kontsumoraino. Azken mendeetan izan diren elikadura aldaketa, gaitz inportatuen agerpena eta gizarte egituraren aldaketaren ondorioz, kultura honek gainbehera nabarmena izan du. Gure hurrengo gonbidatuek Barandiaran Beka irabazi zuten 2023an, hain zuzen ere “Gaztainondoaren etnografia bat Tolosaldean” proiektuarekin. Ikerketa honetatik abiatuta gaur egun Euskal Herrian mantentzen diren kultura honen arrastoen eta presentziaren inguruan jardungo dira azaroaren 13an Donostiako San Telmo museoan, Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako Fermin Leizaola etnografia jardunaldietan. Aurretik, Irrintzi Plaza saiotik pasa dira.