Ekaitz Bertiz: "Gizakiok ezin gara fantasiarik eta fikziorik gabe bizi"

Miren Mindegia Petrirena 2025eko azaroaren 10a

Zinema zuzendari sunbildarrak 'Erreka zoko hortan' film laburra erakutsi zuen Donostiako Zinemaldiko Kimuak sailean. Ordutik jaialdi andanatan egon eta sari sorta jaso du kontrabandoa eta euskal mitologia uztartzen dituen filmak

Nafarroako mendialdea, kontrabandoaren garaia eta mitologia, gaua, fantasia eta beldurra. Osagai guzti horiek biltzen dira Ekaitz Bertiz zuzendari sunbildarraren Erreka zoko hortan film laburrean. Donostiako Zinemaldiko Kimuak sailean erakusteko hautatua izan zen eta horren ondotik hainbat jaialdiatan egoteko aukera izan du. Han eta hemen, hainbat sari jasotakoa da. Asteburu honetan bertan Santurtziko Santurzine jaialdian erakutsi da, eta ez da esku hutsik bueltatu handik: EITB-euskal pantailak saria eta Andolin Eguzkitza saria irabazi ditu bertan. 

Bestelako abentura zinematografikoetan ere buru-belarri sartuta dabil sunbildarra, tartean Javi Ambrosiren eta Javi Calvoren, Los Javis espainiar zinemagile ospetsuen, La bola negra filmaren grabaketan parte hartzeko aukera izan du, zuzendaritza taldearen barrenean. Ez du gaizki hasi bere ibilbide profesionala 22 urteko zuzendari gazteak, hartara.

Malerrekako mendietan kokatzen da Erreka zoko hortan, Ekaitz Bertizek (Sunbilla, 2003), gerra garaiko kontrabando istorio bat. Joxepi protagonista gazteak gaixorik dagoen aita ordezkatu beharko du kontrabando jardunean. Gau ilunean, basoan barrena, haren beldurrak azaleratuko dira. Izan ere, "karabineroak ez dira gauak izkutatzen dituen gauzik beldurgarriena izanen". Kritikak eta publikoak bat egin dute zuzendari gaztearen lehen jendaurreko lana goraipatzen: "Agitz bide polita egiten ari da filma, konten nago alde horretatik". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!