NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2025

Eserlekua ziurtatu du txapeldunak

Miren Mindegia Petrirena 2025eko azaroaren 10a

Julio Soto nagusitu zen larunbatean Leitzan egin zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan. Eneko Lazkoz bezala, zuzenean sailkatu da gorritiarra finalerako 

Txiki gelditu zen Leitzako kultur aretoa larunbatean jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekorako. Jendetza aurreikusita, azkenean kiroldegian egin zen saioa eta 350 bertsozale bildu ziren bertan, saioa bertatik bertara jarraitzeko. Egungo txapeldun Julio Soto nagusitu zen. Nafarroako txapeldunak beste behin erakutsi zuen indartsu datorrela eta txapelari eusteko asmo osoa duela: 526,5 puntu eskuratu zituen, orain arteko markarik altuena. Eneko Lazkoz bezala, zuzenean pasako da finalera Gorritikoa. Hurrenkeran, Sarai Roblesek egin zuen bigarren Leitzan, puntuazio aski ona lortuz; eta haren atzetik gelditu ziren Mikel Lasarte, Kattin Madariaga, Patxi Castillo eta Jabi Lezaun.

Ainara Ieregi kolaboratzaileak argitu moduan, oso saio ederra osatu zuten oholtzako sei bertsolariek. Nabarmentzekoak izan ziren zortziko handiko ariketak, baita bakarkako batzuk ere. Ieregirekin errepasoa egin diogu azken aurreko saioko une hoberenei. 

Finalaurreko bakarra gelditzen zaio txapelketari, hain zuzen ere heldu den igandean, azaroak 16, Tafallan jokatuko dena. Hango pilotalekuan ariko dira kantari Amaia Elizagoien Varela, Ekain Alegre Gil, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Alzuri, Xabat Illarregi Marzol eta Xabi Maia Etxeberria. Orduan jakingo da zeintzuk diren zortzi finalistak. Une honetan, horrela dago finalaurrekoetako sailkapena. Gogoratu finalerako sarrerak salgai daudela dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!