Kalean da Burutiken hirugarren diskoa: Ipuinak. Talde iruindarrak adierazi duen moduan, orain arteko proiektu politikoean da hau, poesiatik panfletora pasatu gabe, hori bai, baina sistema kapitalistari kritika sakona egiten dioena. Ez da gutxi.
Zazpi abestiz atondu dute ipuin hau, berezkoa duen soinua baztertu gabe baina heldutasunerantz urrats bat emanez ere. Aldaketa batzuk ere egon dira tartean. Luar Alberdi abeslari eta gitarristak taldea utzi du, eta haren ordez, Naroa Goñire sartu da Jokin Barriolak, Asier Caponek, Mikel Gorraizek eta Iraitz Gonzalezek osatzen duten boskotera. Bankilloan, baita Mikel Fagoaga bateria jotzailea ere, Iraitzen ordezkoa izanen dena tarte batez.
Jokin Barriolarekin diskoari errepasoa egin diogu eta, bidenabar, hurrengo kontzertu daten berri eman digu primizian: Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean daukate lehenengo hitzordu ofiziala, "lehenengo kontzertu handia", iragarri zuten bezala, azaroaren 22an. Baina hori baino lehen formatu txikiagoko kontzertuak ere emanen dituzte Euskal Herriko hainbat lekutan. 14an Leitzako Torrea tabernan arituko dira, 15ean Laban eginen dute aurkezpena eta 16an (igandean) emanaldi bikoitza izanen dute: Legazpiko Kukue tabernan eguerdian, eta Donostiako Guardetxean arratsaldean, diskoko kolaboratzaile den Nogen taldearekin batera.