NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2025

Bete da zortzi aulkietako lehena

Euskalerria Irratia 2025eko azaroaren 3a

Agoitzen jokatu zen larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa. Bertan nagusitu zen Eneko Lazkoz, azaroaren 29an Nafarroa Arenan izanen den finalean aulkia ziurtatuz

Nafarroako Bertsolari Txapelketa bere azken txanpan sartu da dagoeneko, eta nabari da. 190 lagun bildu ziren joandako larunbatean Agoitzen lehenengo finalaurrekoa bertatik-bertara jarraitzeko. Eneko Lazkoz nagusitu zen bertan, beraz bete da Nafarroa Arenako oholtzan egonen diren zortzi aulkietako lehena. Haren atzetik gelditu ziren, puntuz oso hurbil, Saioa Alkaiza eta Ekhiñe Zapiain. Ainara Ieregi gure kolaboratzaileak argitu bezala, oso maila altua erakutsi zuten bai Lazkozek bai Alkaizak, eta azken honek ere finalerako bidea irekita duela nabarmendu du. 

Publikoak ere bere onena eman zuen larunbatean, bertsolariak txalo zaparradaz blaituz. Ieregik Alkaizaren bakarkako lanak izandako erantzuna azpimarratu nahi izan du. "Berriz ere lekuz kanpo sentitu zara. Hala ere, bertan gelditzea erabaki duzu" izan zen emandako gaia, eta Iruñekoak hurbiletik heldu zion gaiari, maiz lekuz kanpo sentiarazi duten emakumezko bertsolariaren paperetik: "Inpostorearen sindromeaz aritu da, eta oso ongi heldu dio gaiari". 

Lazkoz ere indartsu eta ziurtasunez aritu zen saioan, eta azkenean puntuetan nagusitu zen. Alkaizak eta Ekhine Zapiainek hurbiletik segitu zioten bere 508.50 puntuei, 496 eta 494 punturekin hurrenez hurren. Hauen ondotik gelditu ziren  Eki Mateorena Zozaia (488,5), Julen Zelaieta Iriarte (458,5) eta Endika Legarra Nuin (441,0). 

Aforo handiagoa Leitzan

Larunbat honetan izanen da hurrengo finalaurrekoa, azken aurrekoa izanen dena. Hasieran Herri Aretoan zen egitekoa, baina sarrera eskariari erantzuteko asmoa, egoera aztertu eta kiroldegira leku aldatzea erabaki da. Aforoa handitu da, beraz, eta saioa lagun gehiagok jarraitzeko aukera izango da. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke dagoeneko.

Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia, Kattin Madariaga Apaolaza, Mikel Lasarte Cia, Patxi Castillo Graciarena eta Sarai Robles Vitas ariko dira kantuan Leitzako finalaurrekoan, Iratxe Legarra Nuin gai-jartzaile dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!