Leire Bistue (NUPeko talde feminista): "Karpako jaian emakumeok ez gara seguru sentitzen"

Maialen Huarte Arano 2025eko urriaren 29a

"Karpa unibertsitarioaren festa giroan ez dugu leku seguru bat topatzen", hitz horiek egin ditu Leire Bistuek Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan. Joan den ostiralean antolatu zuten azken Karpa-festa eta emakume batek lau gizonezko salatu ditu "intentsitate handiko erasoa" jasan ondoren. "Ez digute profesionalez osatutako Puntu Morea jartzen uzten eta hala moduzko gune bat baino ez dute ezartzen", azaldu du Bistuek. 

Emakumeek libre izateko "mugak" topatzen dituzte oraindik eta horren azken adibidea Karpa unibertsitarioa da. Ikasturtero enpresa pribatu batek antolatzen duen festa giroko ekitaldia izaten da. Ez dago Puntu Morerik: "Zenbait urtez Nafarroako Unibertsitate Publikoko talde feminista ahalegindu da Puntu More bat egon zedin, baina trabak jarri dizkigute", azaldu du Euskalerria Irratian Leire Bistue talde feministako kideak. "Profesionalek osatuko duten gune bat egotea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu eta horretan ahalegindu izan gara. Horren ordez, Gurutze Gorriak kudeatzen duen espazioa dago. Soziologoek kudeatzen dute. Ez zaigu nahikoa iruditzen", esan du. Pasa den ostiraleko jai horren ingurumarian emakume batek lau gizonezko salatu zituen "intentsitate handiko erasoa" egin ziotelako: "Karpako festan ez gara seguru sentitzen", ohartarazi du Bistuek. Ikusirik zer nolako gabeziak izaten diren talde feministak prebentzio lana egin nahian informazioa banatzen aritzen da, baina hori ere "oztopatu" egiten dietela salatu du: "Karpan informazioa banatzen aritu izan gara, baina hori egiteko trabak eta mugak izaten ditugu. Azken aldietan bota egin gaituzte", azaldu du. Hori bera gertatu zaie Sare-ko kideei: "Sexu harreman seguruei buruzko txartelak eta antisorgailuak banatzeko garaian ere ez dute erraz izaten", jakinarazi du. 

Ikasle talde batek osatzen du hein handi batean NUPeko talde feminista: "Guk ahal dugun heinean egiten dugu lan emakumearen eskubideen defentsan, baina profesionalak ez garen aldetik ez gara nahi genukeen bezainbesteko lana egitera iristen", esan du Bistuek.  "Eraso gehiago salatu direla ere badakigu nahiz eta ez duten Karpa unibertsitarioa antolatzen dutenen aldetik publiko egin nahi", ohartarazi du. Atzo ezagutarazi zuten intentsitate handiko erasoa jasan zuela emakume batek Karpa unibertsitarioaren ingurumarian eta oraingoz ez dute mobilizaziorik deitu talde feministatik: "Antolatzen diren ekimenetan parte hartuko dugu egoera hau eta gainerakoak salatzeko. Zenbat eta lagun gehiago elkartu, orduan eta hobeki", esan du. Itaiak 16:45erako mobilitzatzeko deia egin du: NUPeko liburutegiko plazan eginen dute salaketa-protesta. 

Leire Bistue talde feministako kideari Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!