NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2025

Puntuazioak gora, finalaurrekoak marraztu dituen saioan

Miren Mindegia Petrirena 2025eko urriaren 28a

Los Arcosen jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak argitu dituen lehenengo faseko azken saioa. Joanes Illarregi nagusitu zen eta Saioa Alkaizak egin zuen bigarren

Los Arcosen jarrita zeuden begirada guztiak eta bertsolariek ez zioten hutsik egin beraietaz espero zenaren inguruan. Lehenengo faseko azken saioa izatearen presioari aurre egitea lortu eta saio borobila, maila altukoa ematea erdietsi zuen oholtza gaineko seikoteak. Joanes Illarregi nagusitu zen, 361,5 punturekin, eta haren atzetik gelditu ziren Saioa Alkaiza (340,5), Mikel Lasarte (339), Ekain Alegre (332,5), Kattin Madariaga (331) eta Xabi Maia (319,5). 

Leitzako bertsolariak azaroaren 16an Tafallan aritzeko pase zuzena lortu zuen, eta gainontzeko guztiak hurrengo fasera igarotzea lortu dute eskuratutako puntuei esker. Ainara Ieregirekin saioko bertsoaldi hoberenei errepasoa egin diogu gaurko atalean: zortziko handiko lehenengo ariketa eta zortziko txikiko bi berreskuratu ditugu horretarako. Ieregiren hitzetan, fin aritu ziren bertsolari guztiak, eta txapelketan aurrera jarraitzea merezi dutela erakutsi zuten. 

Puntuak-puntu, definituta gelditu dira txapelketako azken txanpako hiru saioak. Azaroaren 1ean Agoitzen izanen da lehenengo finalaurrekoa, azaroaren 8an Leitzan, eta azaroaren 16an Tafallan. Hauetako bakoitzean garaipena eskuratuko duen bertsolariak bermatuta izango du Iruñeko final handiko eserlekuetako bat, eta beste bost bertsolari puntuazio bitartez sailkatuko dira. Ieregiren erranetan, "dena oso irekita dago oraindik, edozer gauza gerta daiteke". 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!