Naia Remon Huarte: "Desmobilizatu nahi gaituzte, baina gure betebeharra antifaxismo feministan jarduten jarraitzea da"

Miren Mindegia Petrirena 2025eko urriaren 27a

Urriaren 31tik azaroaren 2ea, ostiraletik igandera eginen du Euskal Herriko Gazte Feministen sareak bere hirugarren baterajotzea. Zaldibarren izanen da hitzordua, 'Feminismoa lubaki' lemapean 

Babesteko, erresistentziarako eta erasorako lubakia. Hala irudikatzen du mugimendu feminista Euskal Herriko Gazte Feministen sareak. Asteburu honetan, urriaren 31tik azaroaren 2ra antolatu du bi urtetik behin egiten duen Baterajotzea. 2021ekoa Elizondon eta 2023koa Usurbilen izan ondoren, hirugarren edizioa Zaldibarren izanen da, eta 600 gaztetik gora biltzea espero da. Feminismoa lubaki lemapean, elkarretaratzeak orainaldi eta etorkizun posibleak marrazteko helburua izanen du, faxismoaren eta diskurtso erreakzionarioaren garai betean. 

Naia Remon gazte feministen sareko kideak argitu moduan, helburua komunitate feminista biltzea eta feminismoa berresteko espazioa berrestea izanen da. "Gaur egungo problematika eta arazo koiunturalei erantzun bat emateko eta alternatibak irudikatzeko espazio bat sortu nahi dugu". "Despolizitatuta eta desmobilizatuta nahi gaitu eskuin muturrak, diskurtso erreakzionarioek ere, baina horren aurrean antifaxismo feminista batean jarduteak izaten jarraitzen du gure eginbeharra". 

Asteburua bi mahai-ingurutan ardaztuko da. Ostiralean, Gutxi irabazi dugula dioena gezurretan ari da izenburupean, Euskal feminismoaren genealogia osatuko da, orain artean egindako bidearen inguruan hausnartu eta eskuratako tresnekin estrategia berriak pentsatzeko. Hurrengo egunean, larunbatean, Lubaki feministatik, norantz? galderari erantzuten saiatuko dir Bilgune Feministako bi kide eta Gazte Feministak sareko beste bi kide. 

Larunbatean, goiz eta arratsalde, gai askotarikoak jorratuko dituzten tailer eta hitzaldiak egonen dira; eta ez da faltako bestarako tarterik, "hau ere baita aldarrikapenetarako espazio bat". Olatz Salvador arituko da ostiralean, eta larunbatean Mikosis, Perlata, Ganibet, Maruxak, Siwanaba, Labar eta Dj Pezonek girotuko dute gaua. Remonek azpimarratu bezala, espazio ez-mixtoa izango da Gazte Feministon Baterajotzearena. Sarrerak oraindik eskuragai daude, asteburu osokoak zein egunetako bonoak. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!