Asier Altuna: “Karmele bezalako emakumeek askatasuna berreskuratzeko egin zuten lana aldarrikatzen du filmak”

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 22a

Urriaren 10ean iritsi zen zinema aretoetara ‘Karmele’, Asier Altuna zuzendariaren azkeneko filma

Asier Altuna zuzendariaren film berria da Karmele. Frankismoaren hastapeneko urteetako giroa biltzen du, garai ilunak, beltzak eta esperantza gutxikoak. Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizipenak, benetan gertatutako pasarteak jasotzen ditu pelikulak. 1937ko apirilean, Karmele eta familia etxetik botatzen dituzte frankistek. Parisera doaz babesleku bila. Eta bertan ezagutzen dute elkar Karmele eta Txomin, tronpeta jotzailea. Eresoinka euskal musika eta dantza taldean parte hartuko dute. Frantzian barrena ibiliko dira, munduak Euskal Herriari arreta jarri eta babestea bilatzen dutelarik, Frankismoak itota bizi den herria aske ikusteko nahiarekin. Caracasera ere joango dira eta Euskal Herrira itzuliko dira berriro erresistentzian parte hartu eta espioi lanak egiteko. Filma Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarrituta dago.

Asier Altunak argi zuen nola hasi eta bukatu nahi zuen pelikula, baina gidoian aldaketa asko sartu ditu sortze prozesuan: “Kirmen Uriberen eleberria irakurri nuenean, elementu zinematografiko asko zituela konturatu nintzen. Baina hainbeste abentura eta pasarte gertatuta, ikuspuntua zehaztea eta historiaren zein pasarte aukeratzea oso lan zaila izan zen. Bestetik, benetako gertakizunak kontatzen dira pelikulan eta Karmele eta Txomin protagonisten seme-alabak bizirik egon dira pelikula prestatzen eman ditugun bost urteetan eta oso berezia izan da haiekin proiektua partekatzea”.

Jone Laspiur eta Eneko Sagardoi sartu dira Karmele eta Txominen pertsonaietan. Eta Nagore Aranburu, Kepa Errasti edota Javier Barandiaranek ere hartzen dute parte. Musikak garrantzia handia du, euskal musika, jazza eta salsa uztartzen ditu pelikulak.

Asier Altuna zinema zuzendaria Irrintzi Plazara hurbildu da filmaren inguruan solastera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!