365,5 puntu eskuratuta, Xabat Illarregik eskuratu zuen garaipena joan den larunbatean Iruritan jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako saioan. Txapelketako lehenengo faseko azken-aurreko saioak goia jo zuen puntuen aldetik, bertsolari leitzarra buruan ezartzeaz gain, bigarren egin zuen Endika Legarra (349,5) eta hirugarren Josu Sanjurjo (336) lehenengo postuetan sartu dira sailkapen orokorrean. Hauen ondotik gelditu ziren Julen Zelaieta (321), Amaia Elizagoien (320,5) eta Patxi Castillo (296,5).
Saioa bertatik bertara jarraitu zuen Ainara Ieregik azpimarratu bezala, saioak asko izan zuen umoretik, txapelketetan ezohikoa izan daitekeena. "Gaiek umorera jotzeko bidea eman zuten eta publikoak gozatua hartu zuen, barre algarak maiz entzun ziren saioan zehar". Iruritako Gizarte Bilgunea lepo bete zen, 180 ikus-entzulerekin, eta horrek ere giroa berotu zuela adierazi du Ieregik.
Gaiek elkarrizketa beteetarako eman zuten eta ganbarakoak ere ideia borobiletarako abagunea eskaini zuen. "Kamera zuri begira duzu. Hau da zure momentua" izan zen bakarkakorako Ainhoa Larretxeak bota zuen gaia. Eta sei bertsolariek beretik egin zuten: erdiak Palestinaren aldeko aldarria egiteko baliatu zuten unea, baina bestelako bideak jorratu zituztenik ere egon ziren.
Saioko irabazleak Tafallako finalaurrekoan abestuko du azaroaren 16an eta gainontzeko bertsolariek igandean Los Arcosen jokatuko den lehenengo faseko azken saioaren emaitzari itxaron beharko diote. Igandean izanen da hitzordu hori eta bertan arituko dira Ekain Alegre Gil, Joanes Illarregi Marzol, Kattin Madariaga Apaolaza, Mikel Lasarte Cia, Saioa Alkaiza Guallar eta Xabi Maia Etxeberria, Ander Aranburu Arriolak gai-jartzaileak gidatuta.