Xabier Olano eta Imanol Burguete (Bisaiak): "Gogotsu gaude gure lehenengo diskoko abestiak oholtzan erakusteko"

Miren Mindegia Petrirena 2025eko urriaren 16a

Bisaiak taldearen lehenengo diskoa ezagutu dugu Irrintzi Plaza saioan, taldeko teklatu eta letragile Xabier Olanoren eta tronpeta-jotzaile Imanol Burgueteren eskutik

Porlanezko lorea, halaxe izena du Bisaiak talde iruindarrak kaleratu duen lehenengo diskoak. Reggae bai, baina bestelako soinu eta estilo askotarikoetatik elikatzen diren bederatzi kantuz atondu du taldeak lana. Argi dagoena da maila badagoela. Ostiral honetan Totem aretoan izanen ditugu diskoa jendaurrean aurkezten, eta Zinez eta Maruxak taldeekin konpartituko dute oholtza hori. Oier Alsua (baxua), Aitana Lakuntza (tronboia), Eneko Aguerri (bateria), Adriana Lorenz (saxofoia), Imanol Burguete  (tronpeta), Arrate Bacaicoa (ahotsa), Xabier Olano (teklatuak) eta Irene Beltzak (gitarra) osatzen dute taldea, eta gaurkoan horietako bi bertaratu zaizkigu gurera. 

Xabier Olanok eta Imanol Burguetek kontatu diguten bezala, Nafarroako Musika Kontserbatorioan ezagutu du elkar taldea eratzen duen zortzikoteak, diskoaren emaitzan atzematen dena. Izan ere, estilo eta musika joera desberdinak uztartzen dira bertan. "Bi estiloko kantuak daudela esan daiteke, bi polo. Alde batetik, reggae estilo argikoak daude eta, bestetik, bestelako estiloak uztartzen dituztenak". Horien artean jazza, funkya edo rap tarteak ere aurkitu daitezke. 

2023an eratu eta hasieran bertsioak egiten hasi baziren ere, bide berri bati ekin diote aurten. "Lehenengo abestiak urte hasieran grabatu genituen, apirila inguruan; eta azkenak abuztuan". Josu Erbitiren estudioan grabatu dute diskoa eta ostiralean oholtzaratuko dute lehenengoz. Totem aretoko eszenatokira igotzeko gogotsu dago zortzikotea. 

Abesti guztiak plataforma digitaletan entzungai daude dagoeneko, eta diskoa fisikoki ere eskuratu ahal izanen da aurkezpen kontzertuaren egunetik aurrera. "Totem aretoan salgai izanen dugu diskoa, baita taldearen kamisetak ere". Diskoaren azala Saioa Contrerasek diseinatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!