Zer ari zarete egiten ikastetxeetan?
Autonomia osoz antolatu dira ikastetxeak eta pankartekin atera dira kalera asko. Zutabeak, giza-kateak, informazio banaketa, hausnarketa asanbladak eta irakurketak egonen dira goizean.
Hezkuntzak, zer du esateko Palestinan gertatzen ari denarekiko?
Gure kezka eta elkartasuna adierazi nahi diogu Palestinari. Giza eskubideen edozein urraketaren aurrean ahots altxatzea dagokigu hezkuntza komunitatea osatzen dugunoi. Palestinako haurrekin gertatzen ari denak zuzenean interpelatzen gaitu. Hezkuntza prozesuak eten egin ditu Israelek: bortxaz eten ditu eskolak, unibertsitateak eta ospitaleak suntsitu dituzte eta milaka haurrei osasunerako eta hezkuntzarako sarbidea galarazi diete. Honen aurrean isilik geratzea konplize izatera eramaten gaitu. Hezkuntzak gizartean duen zeregina ere oso garrantzitsua da: ikastetxeetan gure ikasleekin gai hauek landu behar dira. Besteak beste, baloretan, berdintasunean, elkartasun eta giza eskubideetan... heztea ere badagokigu. Bidezkoagoa behar den Mundu hori eraikitzeko tresnak ematea da gure lanetako bat.
Zergatik hogeita lau orduko greba?
Gertatzen ari denaren aurkako jarrera irmoa eta kolektiboa erakusteko modua da. Dagokien arduradunei sarraskiari amaiera emateko, Israelekin harremanak eteteko eta palestinarren eskbideak ziurtatzeko neurriak har ditzatela eskatzeko modu bat da. Lanuzte pedagogiko bat ere bada: eztabaidatzeko, hausnartzeko eta ikasgeletan hitz egiteko. Kutsu politikoaz gain badu grebak beste kutsu sinboliko bat eta gure haurrei bereziki esan nahi dieguna da hezkuntza ez dela mutu geratuko egiten ari den genozidioaren aurrean.
Zein da gaurko asmoa?
Zentroak mobilizatuta dabiltza aspaldian, ostegunetan elkarretaratzeak egiten dituzte. Espero duguna da hezkuntzako langileen gehiengo zabala ateratzea kalera. Zutabetan antolatu dira batzuk manifestazioetara hurbiltzeko. 19:00etan elkartuko gara arratsaldez Gazteluko plazan.
Euskalerria Irratian Ane Apezetxeari egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.