“Alde egiteko behar adina urik ez da, baina bizirauteko behar adina ezta”. Halaxe dio Anariren Isla abestiak, eta esaldi horrekin berarekin irekitzen du Uxue Juarezek argitaratu berri duen Etxe bat Husaviken poesia liburuaren lehenengo atala. Balea bat, balekume bat eta gizon elefante bat agertzen dira idazle iruindarraren poemetan, ur artean murgiltzen, elur penintsulek markatzen dituzten muga berrietara ohitzen.
Suizidioak eragindako doluaren aurrean ama-seme baten bizipenak irudikatzeko sortutako poemak dira Juarezenak, liburuaren hitzaurrean azaltzen duen bezala: "Suiziden oinordeko guztiek dute begi-ninian giltzapetutako arrain gorri txikitua. Hona hemen nirea". Gizartean oraindik ere "tabutzat hartzen den gaia" dela iritzita, mundu berri bat sortu du poemetan, aldi berean distantzia eta baliabideak eman dizkiona. Itsas munduak, izan ere, badu azaldu ezin diren gauzak islatzeko gaitasuna.