NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2025

Txapelduna garaile, maila altuko saioan

Miren Mindegia Petrirena 2025eko urriaren 13a

Julio Sotok berriz ere txapela janzteko borrokatuko duela erakutsi zuen larunbatean Mutiloan jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren saioan

160 entzulek lepo bete zuten larunbatean Mutiloako Kultur Etxea, Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo faseko bigarren saioa bertatik bertara jarraitzeko. Indartsu zetorren saioa eta oholtza gaineko seikoteak espero zen maila erakutsi zuten. Kantuan aritu ziren Jabi Lezaun Landa, Idoia Granizo Uribarria, Sarai Robles Vitas, Beñat Astiz Isasi, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Julio Soto Ezkurdia. Gai-jartzaile lanak, aldiz, Iratxe Legarrak egin zituen. 

Saio puntuagarria bukatuta, egungo txapeldun Julio Sotok eskuratu zuen zuzenean hurrengo fasera eramango dion pasea. Azaroaren 8an Leitzan jokatuko den finalaurrekoan arituko da gorritiarra. Bost aldiz jantzi du Nafarroako txapela eta, Ainara Ieregik azpimarratu bezala, gogoz dirudi seigarren batez ere eskuratzeko. Fin aritu zen, bertsoak ongi betez eta erantzun borobilak emanez. Horren adibide, bigarren egin zuen Sarai Roblesekin batera osatu zuen hamarreko txikiko ariketa. Anai-arreben paperean jarri zien Legarrak: "Familia bazkari batean zaudete. Zuen senide bat, ohi den moduan, iruzkin desegokiak egiten hasi da. Sarai, nazkatuta, zuk zerbait esan nahi diozu. Juliok uste du ez duela merezi". Ieregiren hitzetan "familia horren mahaian geundela sentiarazi gintuzten guztioi" bi bertsolariek. 

Puntu erantzunetan Beñat Astizek erakutsitako abilezia, Jabi Lezaunen 10eko txikiko ariketa, eta Ekhiñe Zapiainen zein Idoia Granizoren 8ko handiko ariketak ere azpimarratu ditu Ieregik. 

Datorren larunbatean segituko du txapelketak, Iruritan jokatuko den saioarekin. Gizarte Bilgunean izango da saioa, 17:00etan. Han ariko dira kantuan Amaia Elizagoien Varela, Endika Legarra Nuin, Josu Sanjurjo Alzuri, Julen Zelaieta Iriarte, Patxi Castillo Graciarena eta Xabat Illarregi Marzol, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen aginduetara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!