PROIEKZIO-GELA

'Sinners', blues doinuko wenstern banpirikoa

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 8a

Proiekzio gelaren bigarren atalean 'Sinners' filmari heldu dio Itsaso Jauregik, politikotik dirudiena baino gehiago duen filma

Sinners pelikularen inguruan hitz eginen dugu gaur, Ryan Coogler zuzendariak urte hasieran aurkeztu zuen filma. Aurrekoan Robert Redforden inguruan hitz egin genuen eta kasu honetan bi izenak lotuta daude: Coogler-ek bere lehen filma landu zuen Sundance Institutuan eta bertan aurkeztu zuen ere Fruitvale Station filma. Eta hortik aurrera hasi zen pelikula handiagoak egiten: Black Panther filmak, besteak beste.
Estatu Batuetako hegoaldean kokatzen du Ryan Coogler zuzendariak Sinners pelikula. Chicagoko mafiarekin harreman onetan dauden bi gangster beltzek haien jaioterrira itzultzen dira, bertan komunitatearen ardatza izango den dantzaleku bat sortzeko asmoz. Michael B. Jordan da akotre nagusia, bi lehengusuen rola egiten. Blues musika maite duen Sammiek bere lehengusuen dantzalekuan abestu nahi du, egunean zehar pairatzen duen esklabotza egoeratik ihes egiteko asmoz. Bluesa da filmaren protagonista, eta pertsonaiek beren bizitzako gertaera mingarriak kontatzen dituztenean, ez dira gai hitzez kontatzeko, bluesa dute babesleku.
Sammie gazteak musika legenda bati egiten dio erreferentzia: Robert Johnson musikariari. Estatu Batuetako hegoaldean barna zabaldu ziren zurrumurruen arabera, Johnson gitarra jotzaile hala moduzkoa zen, eta gurutze-bide batera jo zuen. Bertan Deabrua zegoen, esperoan, eta bien artean akordio batera iritsi ziren: arima salduko zion Johnsonek, eta horren truke, Deabruak musika dohaina eman behar zion. Sammieren aitak, predikariak, bere musikak deabrua erakar dezakela esaten dio gazteari, baina berak ez dio jaramonik egiten.
Pelikulan esaten dute kondairen arabera badaudela batzuk euren musikarekin iraganeko eta etorkizuneko izpirituak irudika ditzaketela. Eta hori da Sammieren dohaina: eszena eder batean, Sammiek abesten duen bitartean, iraganeko musikariak agertzen dira berarekin dantzan, baita etorkizuneko musikariak ere. Bere ahotsak Remmick bampiroa erakartzen du. Bai, banpiroak agertzen dira pelikulan, baina ez da banpiro pelikula. Banpiroaren asmoa da bere arbaso irlandarrekin harremanetan egotea berriz.
Pelikulan Remmick zaharra dela ematen da aditzera: urrezko txanponekin ordaintzen du eta kristautasuna Irlandara noiz ekarri zuten gogoratzen du. Zapalduta izan direnen esplotazioa ikusi ondoren, dantzalekuan daudenei aukera bat eskaintzen die gizarte arrazistaren eta kapitalistaren mugetatik kanpo joateko, odol pixka baten truke. Baina, azkenean, eskaintza gisa aurkezten denak inposizioaren antz handiagoa du.
Modu sotilean lantzen da kulturaren xurgapenaren gaia; eta, beste batzuetan, pertsonaiek ere komentatzen dute: “Pertsona zuriei blues musika gustatzen zaie, baina ez dute musikaren sortzaileak maite”, dio pertsonaia batek.
Filmak trebeki nahasten ditu blues musika eta beldurra, irlandar dantzak eta bakardadea, erlijioa eta kolonialismoa. Arrazarekiko elkartasunarekin lotuta dauden harreman sakonak ere zalantzan jartzen ditu filmak, eta hau dena oso modu entretenigarrian: beldurrezko pelikula oso azkarra eta ederra da. Eta dena egun batean gertatzen da.
Pelikula grabatzeko modua ere berezia izan zen, IMAX eta Ultra Panavision 70 filmen konbinazioa erabiltzea erabaki zutelako, ez dela aurretik egin. Bi formatu desberdineko filmak dira, eta biak elkartu dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!